06 NOV. 2017 HIMALAIA Britainiarren sinadura, Arjunaren hego-mendebaldeko zutoinean Uisdean Hawthorn, Ben Silvestre eta Pete Grahamek zabaldutako bideari «Gandiva» deitu diote: 1.400 m, E3/5.11 eta M5. Última actualización: 06 NOV. 2017 - 08:48h Andoni ARABAOLAZA Arjuna mendia (6.100 m) Kaxmir-en (Kishtwar, Himalaia) dago. Irudian ikusten den bezala, ederra eta oso estetikoa da, baina ezezaguna guztiz. Zehaztu dezagun baieztapen hori egiteko eskubidea iragan udara arte genuela; izan ere, Urban Novak, Marko Prezelj eta Ales Cesen esloveniarrek mendiaren mendebaldeko aurpegian “All or nothing” bidea (ED+, M7+, WI5+, A0) zabaldu zuten. Mendiaren bigarren igoera izan zen; estilo alpinoan eginiko lehena. Esloveniarren goi mailako jarduera honek, jakina, Arjunari “ospea” eman dio; hala erakutsi digu behintzat talde britainiar batek, udazken honetan eginiko eskaladarekin. Uisdean Hawthorn, Ben Silvetre eta Pete Grahamek mendiaren hego-mendebaldeko zutoinean “Gandiva” bidea zabaldu dute. 1.400 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: E3/5.11 eta M5. Eskalada hori egin ahal izateko, hirukote britainiarrak hiru egun eta erdi behar izan zituen. Jaitsieran beste egun bat igaro zuten. Silvestrek onartu du Mick Fowler-ek bultzatu zituela Arjunara joatera: «Argazki batzuk erakutsi zizkidan. Berehala jarri nintzen harremanetan Jeff Shapiro estatubatuarrarekin; izan ere, iaz ingurumari hartan Brammah II mendia igotzen jardun zuen. Nire kideei hego-mendebaldeko zutoinaren argazkia mahai gainean jarri nien, eta une horretan jakin genuen helburu bat genuela». Irailaren 12rako Delhin zeuden. Ohiko hurbilketa-bidea egin eta gero, protagonistok kanpaleku nagusia antolatu zuten: «Mendiaren mendebal aurpegia eta han txertatuta dagoen hego-mendebaldeko zutoina ikusi genuenean, hirurok ala hirurok gauza bera adierazi genuen: ‘Aukeratutako xedearekin ez dugu hutsik egin’. Egun bateko atsedena hartu ondoren, lanari ekin genion. Tresneriaren zati bat 4.400 metroko garaieran gorde genuen. Bide batez, arrokazko zutoin hori aztertzen hasi ginen. Murru hori estetikoa izateaz gain, tentea da; alabaina, arrokaren kalitateak ona zirudien. Girora egokitzeko fasea inguruko mendietan egin genuen. Pare bat gau 5.000 metroko garaieran egin eta indar asko ez galtzeko kanpalekura itzuli ginen. Egundoko ekaitza bota zuen, eta kanpaleku hori ez galtzeko murru txiki batzuk altxatu genituen. Pete ondoezik jarri zen, baina, zorionez, indarra berreskuratu, eta irteteko ordua iritsi zen». Tresneria ia gehiena hormaren sarreran (4.700 m) zutenez, bizkar-zaku arinekin abiatu ziren: «Paretan sartu baino lehen, petateak antolatu eta ohartu ginen pisua handia zutela. Hori dela eta, horiek garraiatzen zituztenek jumarren laguntza izango zuten. Biharamunean, elurrezko aldats batzuk gainditu ondoren, benetako eskaladari ekin genion. 5.000 metroko garaieran geunden. Granitoaren kalitatearekin ezusteko atsegina hartu genuen. Sei luze eder eskalatu ostean, bibak on batera (5.300 m) heldu ginen». Eskaladaren bigarren egunean, tarte tekniko zein tente batzuk zituzten aurrean. Ez zuten oso argi ikusten nondik jarraitu behar zuten; izan ere, artesiak lotzeko aukera handirik ez zegoen. Pixkaka-pixkaka, britainiarrak aurrera egiten ari ziren:&flexSpace;«Ertz baten inguruan eginiko zeharkaldi batek beste artesi batera eraman gintuen. Hortik, beldurra ematen zuen tximinia batera iritsi ginen. Hura saihesteko alternatiba bat bilatu genuen; hots, beste artesi tente eta gogor bati ekin genion. Berriro ertzera itzuli eta goi mailako 60 metroko luze bat gainditu genuen. Eskaladaren kalitateak ahoa bete hortz utzi gintuen. Sokaburua erabat gozatzen ari zen bitartean, beste biak eskalada hori irudikatzen ari ziren; izan ere, zati horiek guztiak jumareatzen zituzten. Beste luze batzuk bigarren bibakera eraman gintuzten. Zutoinaren gailurretik gertu ginen; 5.800 metrora». Lehen bidaia Gau hotza igaro ondoren, oso goiz jarri ziren martxan. Zutoinaren gailurrera heldu bezain pronto, ohartu ziren 30 metro jaitsi behar zutela: «Han soka finko bat uztea aztertu genuen. Jakin bagenekien erabaki horrek eskaladari konpromisoa kenduko ziola, baina Alaskan taktika hori erabili genuen. Gure gainean sabai gogor bat eskalatzeko prest ginen. Gogorra izan zen oso, besteak beste, 6.000 metroko garaieran geundelako. Elurrean beste luze bat egin eta azken gaua igarotzeko bibaka antolatu genuen; aurrekoa baino askoz ere epelagoa izan zen. Azken eskalada egunean, elurrean zein mistoan hainbat luze egin genituen. Ia ohartu gabe tontorra jo genuen. 20 minutuko atsedenaldia egin eta rapelatzen hasi ginen. Gaua gainean izateaz gain, leher eginda geunden. Beste bibak bat egin eta biharamunean glaziarrera heldu ginen». Lerrootako protagonistek era horretan bukatu zuten Arjunan eginiko jarduera. Himalaian lehen esperientzia izanik, lan bikaina egin zuten: «Argi genuen Arjunaren hego-mendebaldeko zutoina eskalatu nahi genuela, baina geure artean galdera ikur asko zeuden. Hara abiatu aurretik, aztertutako argazkietan bazirudien arrokaren kalitatea ona izango zela. Baina, era berean, esan behar dugu espedizioaren hainbat eiterekin beldur ginela. Adibidez, ez ginen batere ziur garaiera horietan eskalatzen nola moldatuko ginen. Zorionez, primeran jardun gara. Bestalde, hautatutako xedearekin ‘lasai geunden’; izan ere, oso segurua zirudien. Eta, gainera, bagenekien ia arazorik gabe edozein kotatik jaisteko aukera genuela». Nahiz eta Himalaiako mendietan esperientziarik ez zuten, britainiarrok teknikoki oso zailduak dira: «Ez dugu inolako zalantzarik: Alaskan eta Patagonian egin ditugun eskaladek Arjunan asko lagundu digute. Alaskan eskalatu genuen ‘Infinite Spur’ bidea askoz ere konprometituagoa iruditu zitzaigun. Horretaz gain, Kishtwar-eko mendietan izan dugun eguraldia Alaskakoa zein Patagoniako baino askoz ere hobea izan da. Garaiera beste kontu bat izan da». KAXMIR Uisdean Hawthorn, Ben Silvestre eta Pete Graham britainiarrek Arjuna mendiaren (6.100 m) hego-mendebaldeko zutoina eskalatu dute. «GANDIVA» Sortutako marra berriari izen hori jarri diote. 1.400 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: E3/5.11 eta M5. Jarduera guztia egin ahal izateko bost egun behar izan zituzten. ERAGINKORRAK Nahiz eta Alaskan eta Patagonian eskalada zailak eta teknikoak egin dituzten, Himalaiako mendietan lehen esperientzia izan dute alpinista britainiarrek.