Jon LEUNDA
Aizkora

Jon Rekondok aurrera egin du Urrezko Aizkolari Kopan

Aizkolari leitzarrak minutu bat pasako aldea atera zion Eneko Otañori.

Jon Rekondok egin du aurrera Urrezko Aizkolari Kopan, Eneko Otaño mendean hartuta. Azkenean, nafarrak minutu bat pasako aldea atera zion aizkolari gipuzkoarrari.

Launa 45 ontzako eta zortzina kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten. Rekondok hasieratik bukaerara agindu zuen kanporaketa honetan. Aurreneko enborrean sei segundoko aldea atera zion, eta zulo hori handitu nahian hasi zen, nahiz eta behin ere ez zuen lortu alde handirik ateratzea. Apurka-apurka, ordea neurketa kontrolatzen ari zen, eta lan erdietan 25 segundoko alde zeukan alde Jon Rekondok.

Hala ere, beste erdia geratzen zen, eta aldea txikia zen. Otañok ahaleginak egin zituen leitzarra harrapatzeko, baina nafarrak aurrera egin zuen, eta aurretik zeukan alde hori handitzeko gai izan zen bigarren zatian, eta, hala, garaipena eta hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela lortu zituen. Lan guztiak burutzeko, 28 minutu eta 28 segundo behar izan zituen Rekondok, eta 29 minutu eta 46 segundo, Otañok.

Harri-jasotzea

Zamudion bertan eman zitzaion hasiera Gabonetako Harri-jasotze Kopari, eta lehen kanporaketa hau gainditu duena Gisasola gaztea izan da, Urrutia nafarra mendean hartu ostean. Kirolari bakoitzak 100 kiloko hiru harri erabili zituen. Bakoitzarekin lanerako bina minutu izan zituzten.

Zilindro zaharra izan zuten aurreneko harria, eta hor hasi zen bizkaitarra aldeak egiten. 23 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean, eta bi jasoaldiko aldea atera zion Josetxo Urrutiari. Ondoren etorri zen harri kubikoa eta hor ere lehen zeukan alde hori handitu zuen Mallabikoak. 13 jasoaldi lortu zituen, eta leitzarrak, berriz, bat gutxiago.

Bola zen saioa amaitzeko geratzen zen harri bakarra, eta Zelaik hiru jasoaldiko aldea zeukan alde, eta hori ez zuen alferrik galdu. 14 jasoaldi eman zizkion Urrutiak, eta Zelai handiaren semeak errematea eman zion; izan ere, leitzarrak baino lau jasoaldi gehiago eman zizkion, guztira 18 lortuz. Denera, Jon Gisasolak 54 jasoaldi egin zituen, eta 47, berriz, Josetxo Urrutiak. Txapelketa honetako hurrengo kanporaketa azaroaren 12an jokatuko da Azkoitian, eta han neurtuko dira Goikoetxe eta Mateo. Aizkoran, Alberdi eta Saralegi neurtuko dira, Urrezko Aizkolari Kopan.