09 NOV. 2017 Euskal Herriaren historia soziala idatzi du Kaltzadak 82 urte bete zituen egunean erakutsi zioten lagunek berak idatzitako liburua. Iloba bati bidaltzen zizkion testuak liburu bilakatu dira Edorta Jimenez eta beste askoren ezkutuko auzolanari esker. «Umezurtzen aberria»-n bizitzarekin batera Euskal Herrian azken zortzi hamarkadetan gertatutakoak ekarri ditu gogora Julen Kaltzadak, Txalapartaren eskutik. Última actualización: 09 NOV. 2017 - 06:44h Patxi GAZTELUMENDI BILBO 1937. urtean, Gernika suntsitu eta gutxira, atxilo hartu zuten Julen Kaltzadaren aita zena. Urte bereko abuztuaren 5ean fusilatu zuten Derioko hilerrian Busturiako beste 5 semerekin batera. Bi urte lehenago sortu zen Julen Busturian. Egundo ez zuen aita ezagutu. Eta umezurtz baten ikuspegitik kontatu du Euskal Herriaren bere historia. Urdaibain abiatu eta Euskal Herriko zein atzerriko leku ugari zehazten dira “Umezurtzen aberria” liburuan. Gaztelania jakin barik erdaraz apaiztu eta berriz euskaraz alfabetatu behar izana euskal herrietan mezak prestatu eta emateko. Herri Gaztedi sortu eta antolatu. Garai gogorreko kontuak, kartzela, Burgosko epaiketa, “Egin” egunkariaren sorrera, AEK eta Korrikako pasarteak. Gauza asko ditu kontatzeko Julen Kaltzadak. Eta apurka-apurka kontatzen eta idazten hasi zen. Artean, idazten zituenak liburu baterako zirela jakin barik. Auzo-dirua Edorta Jimenez idazleak hartu zuen liburua apailatzeko ardura. Baita egin ere. Eta 200 lagunen baino gehiagoren auzo-diruarekin editatu da lana. Busturian bertan eta Iurretan batu dute batez ere, baina Euskal Herri osoko lagunak izan ditu bidaide proiektu honek. Orain argia ikusi du, eta Julen Kaltzadak berak 82 urte bete berritan jakin zuen argitalpenaren berri, antolatu zuten bazkarian erakutsi ziotelako liburua izango zena. Ezuste handia hartu zuela adierazi zuen Bilboko aurkezpenean. Aurrean zituen dirua batzen, testuak eskatzen eta editatzen ibili zirenetako asko. Gazte sasoiko eta gerora ere lagun izan dituenak; tartean Martin Orbe, Angel Zelaieta eta Josu Naberan lagunak, Edorta Jimenez editorea, Joxerra iloba eta AEK-ko oraingo arduradunak, Korrikako argazki oroigarri bat oparitu ziotenak. Xabier Amurizak eta Martin Orbek idatzi dute hitzaurrea eta Edorta Jimenezi egokitu zaio hitzostea. Servini epaile argentinarraren aurrean Julen Kaltzadak eta bere senideek egindako deklarazioaren osteko gogoetak egiten ditu bertan Mundakako idazleak. «Apaltasunez idatzita dagoen liburua» dela aurreratu zuen Edorta Jimenezek. «Naif kutsua dauka azalean, baina sakonean umorea dago», mundakarraren aburuz. «Ez dago zertan dena bitan esan» editorearen iritzian, baina behin esanda harrapatu behar da, eta hori sarritan zaila izaten dela aitortu zuen berak. Haurtzaroa gogoratuz hasi zen idazten Julen Kaltzada. Bere familia, baserria, inguruak, orduko ohiturak eta eskolako kontuak akordura ekarriz hasten da liburua; baina, bestetik, gure herriaren historiaren lekukotza zuzenak ere idatzi ditu Kaltzadak liburu autobiografiko honetan. Hitzaurrean bertan Martin Orbek eta Xabier Amurizak aipatzen dutenez, «liburu honetan pertsona eta pertsonaia oso aparteko bat aurkituko duzu. Baita gure historia borrokalariko aro luze baten lekukotza zuzeneko bat ere». 1937an fusilatutako aita gogora ekarriz hasten du liburuko lehen kapitulua Julen Kaltzadak eta 2010eko abenduan bukatzen ditu kontatu beharrekoak, hain justu Gernikako epaitegian kaltzadatarrek egin zituzten adierazpenen harira, 37ko fusilatuen senideak Argentinako Servini epailearen aurrean egon zirenekoak. Bere arreba Eli Kaltzadaren hitzekin amaitzen du liburua Julenek: «Gure etxean, zera, gure herrian, hobeto esanda, urte haiek gogor-gogorrak izan ziren, egun batetik bestera sei fusilatu herrian, sei alargun eta hamazazpi umezurtz Busturian».