Bigarren Mailara igotzeko inoiz baino aukera gehiago izango da aurtengo finalean
Txapartegi, Alkizalete, Resano, Kortxero, Pellejero eta Telletxea neurtuko dirabihar Aldatzen. Aurreneko lau sailkatuek lortuko dute mailaz igotzea.
Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatuko da bihar, 13.00etan, Aldazko pilotalekuan. Pasa den abuztuan jokatu ziren bi kanporaketak, eta saio bakoitzeko hiru onenak lehiatuko dira finalean.
Aurtengoak, gainera, sari handia izango du. Orain arte aurreneko biek lortzen zuten Bigarren Mailara igotzea, baina aurten aurreneko laurek lortuko dute. Izan ere, Bigarren Mailako kanporaketan aritu behar zuten lau aizkolarik uko egin zioten parte hartzeari, eta ondorioz aurten lau lehiakide igoko dira mailaz.
Jokin Alkizalete, Luix Txapartegi, Eloy Kortxero, Iban Resano, Asier Pellejero eta Jon Telletxea arituko dira lanean. Bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu.
Txapela lortzeko faborito nagusia Luix Txapartegi da. Aizarnakoa da finalisten artean beteranoena, baita eskarmenturik handiena duena ere. Berak badaki Lehen Mailan aritzea zer den, eta ez aritzea bakarrik, finalak jokatzen ere behin baino gehiagotan aritu baita maila nagusian.
Kanporaketan ere oso lan ona egin zuen eta zaleen ustez bera izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Bestea, berriz, Jokin Alkizalete da. Asteasukoa sasoi onean baldin badago lan asko emango du, eta Iban Resanok ere bai. Askorentzat hiru horiek, behintzat, lortu beharko lukete mailaz igotzea, baina denen artean alde ikaragarririk ere ez da izango.