Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Euskal oasia

Nekane Jurado ekonomialariak «euskal oasia»-ri buruz egindako txostena ezin gordinagoa da. Langile industrialak 355.400 izatetik 181.041 izatera pasatu dira; 2008az geroztik 142.000 lanpostu deuseztatu dira; EAEn egindako kontratuen %93,5 aldi baterakoak dira; 2009-2014 urte bitartean 1.328 pertsonak egin dute beren buruaz beste Hego Euskal Herrian, astero 4 suizidiorekin. Batzuk baino ez aipatzearren. Horrez gain, aurten Euskal Herrian 50 langile hil direla ere jakin dugu. Beraz, datu sozioekonomiko hauekin argi dago, Confebasketik eta Lakuatik diotenaren kontra, delako «euskal oasi» hori ez dela existitzen, kimera hutsa dela.

Enpresak ixten doaz (2006-2016 artean EAEn 5.124 enpresa itxi ziren) eta lan gatazkak biderkatzen ari dira milaka langileren geroa kolokan jarriz. Prekarizazioa eta ezberdintasun sozialak ere azkartzen ari dira; lan erreformek eta murrizketek ez dute etenik eta krisitik ateratzen ari garela dioen gezur mediatikoaren aurrean, egoera honek Baumanek zioen nekropolitikarekin antz handiagoa du oasi batekin baino; hau da, sistema ekonomiko kapitalista eta patriarkalak bultzatutako politika honek jendea txirotu ostean hiltzen uzten du apurka. Eta txirotasunak, batez ere, emakume aurpegia du.

Jakinekoa da. Eliteek ez dute ekonomia soilik kontrolatu nahi, politika ere kontrolatu nahi dute. Horien botere faktikoa handituz doa eta ondorioak begi-bistakoak dira. Horrela, jendearen bizitzaren edo merkatuekiko morrontzaren artean aukeratu beharra dauka Lakuak, erraza baita esatea 650 euro bizitzeko nahikoa dela, Artolazabal gobernukideak esan zuen bezala, berak guk baino 10 aldiz gehiago irabazten duenean. Errazegia, jendea gero eta larriago dabilenean.

Nelson Mandelak esan zuen. Pobrezia ez da zerbait naturala, gizakiok sortua baizik, eta, beraz, gizakien eraginez desegin daiteke. Pobreziarekin amaitzea ez baita karitate kontua, justizia kontua baizik.

Ezinbestekoa zaigu burujabetza soziala.