20 NOV. 2017 sokatira Ñapurrak taldeak jantzi du Lauko Txapelketako lehen txapela J.L. Ezpeletako Ñapurrak taldeak irabazi zuen Euskal Herriko Goma gaineko Lauko Txapelketako aurreneko txapela. Lapurtarrak nagusi izan ziren 320 kiloko azkeneko saioan. Ezpeletakoek jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten. Baigorri zen beste faboritoa, baina hauek ere menderatu egin zituzten lapurtarrek. Baigorrik lortu zuen bigarren postua, Ñapurrakekin galdu eta Ibarra A taldearekin berdindu eta gainerako tiraldi guztiak irabazita. Ibarra B sailkatu zen hirugarren tokian. Aurreko biekin galdu eta gainontzeko guztiak mendean hartu zituzten. Ibarra A sailkatu zen laugarren postuan, eta atzetik Txantrea eta Getxo geratu ziren; azken hauek jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituzten. Datorren larunbatean Berriozarren 260koen lehiaketa hasiko da. Beti Gazte Nafarroako Goma Gaineko Txapelketako azkeneko jardunaldia jokatu zen larunbatean Lesakan eta geratzen ziren bi mailetan Lesakako Beti Gazte taldea izan da onena. Mistoetan 550 kiloan lehiatu ziren eta zuri-berdeek ez zuten hutsik egin. Saioko tiraldi guztiak arazorik gabe irabazi zituzten. Berriozar A sailkatu zen bigarren txapeldunekin galdu eta gainerako tiraldi guztiak irabazita, eta atzetik, berriz, Berriozar A, Antsoain B eta Antsoain A sailkatu ziren. Mutilak 600ekoan aritu ziren, eta hor ere ez zen ezusterik izan. Lesakakoek jokatutako tiraldi guztiak irabazi eta txapela lortu zuten. Atzetik, Berriozar sailkatu zen, eta sailkapena Antsoainek itxi zuen, jokatutako tiraldi guztiak galduta. Honekin eman zaio aurtengoz amaiera Nafarroako Txapelketari.