GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Telleriak hasieratik hartu du mendean Martikorena


Harri-jasotzaileen Gabonetako Kopako kanporaketan, Beñat Telleriak aparteko arazorik gabe hartu zuen mendean Sebastien Martikorena. Lapurtarra Gorka Etxeberriaren ordez aritu zen. Kirolari oriotarra gaixorik dago, eta ezin izan zuen atzoko norgehiagokan lehiatu.

Kirolari bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili behar izan zituen atzoko kanporaketan, eta hiru harriek 100 kiloko pisua zuten. Harri-jasotzaileek bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izan zituzten.

Jasoaldi guztietan izan zen nagusi Telleria, eta alderik handienak zilindroarekin atera zituen. 23 jasoaldi eman zizkion zilindro zaharrari kirolari gipuzkoarrak, eta lapurtarrak, berriz, 19 aldiz lortu zuen bizkarraren gainean berdintzea.

Ondoren etorri zen 100 kiloko kubikoaren txanda eta hor ere gipuzkoarrak aldea handitu zuen, nahiz eta aldeak askoz ere txikiagoak izan ziren harri honekin. 13 jasoaldi ematea lortu zuen, eta jasoaldi bakar bateko aldea atera zion. Beraz, harri bakarra geratzen zen dena amaitzeko, eta Telleriak bost jasoaldiko aldea zeukan alde.

Bolarekin lan egin behar zuten jarduna amaitzeko, eta hor ere aldea lortu zuen Telleriak, nahiz eta oraingoan ere jasoaldi bakar batekoa bakarrik izan zen. Gipuzkoarrak 16 jasoaldi ematea lortu zuen, eta Martikorenak, berriz, 15 aldiz berdindu zuen bizkarrean. Denera, 52 jasoaldi lortu zituen Beñat Telleriak, eta 46 jasoaldi, berriz, Sebastien Martikorenak.

Hurrengo kanporaketa datorren larunbatean Urrestillako pilotalekuan jokatuko da, Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketarekin batera, eta han neurtuko dira Iñigo Eizagirre eta Jon Gisasola. Irabazleak aurrera jarraituko du, eta galtzen duena, berriz, Gabonetako Kopatik kanpo geratuko da.