Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Eskalada jasangarria bidea egiten hasi da

Hilaren 4an eta 9an Gipuzkoako Mendizale Federazioak “Eskalada jasangarria Gipuzkoan” izeneko topaketa antolatu zuen. Azken urteotan aipatutako federazioak beharra ikusi zuen gaia lantzeko. Hala adierazi digu, bederen, Gipuzkoako Mendi Federazioko ingurumen saileko arduradun Igor Aldalurrek: «2013. urtean ‘Gipuzkoako eskalada guneen berrekipamendua’ martxan jarri genuen. Bi urte geroago, hainbat eskalatzaileren lan eskergari esker, gure lurraldeko eskalada guneen errolda egin zen; betiere, gune batzuk berrekipatzeko asmoz. Hori egiteaz gain, gune horietan zeuden animalia-espezie mehatxatuen azterketa egiteko beharra sentitu genuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko landa garapeneko sailarekin hartu-emanetan jarri eta bertako basozainek urtebetez erroldako eskalada gune guztien jarraipena egin zuten».

Joan den martxoan, berriz, aipaturiko gune horien erregulazioa argitaratu zen; informazio guztia www.gmf-fgm.org ikus daiteke. Lehen urratsa egina zutenez, bigarren xede bat aurrera eramatea erabaki zen; hots, erregulazio horri buruzko iritzi trukaketa. Eta “Eskalada jasangarria Gipuzkoa” izeneko topaketa horren isla izan da.

Balorazio ona

Topaketaren lehen eguna azaroaren 4an egin zen; hain zuzen ere, Araotzen. Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Bizkaitik iritsitako 20 bat eskalatzaile bildu ziren, eskalatu eta aipaturiko gaia lantzeko. Handik bost egunera, hilaren 9an, topaketak bigarren hitzordua izan zuen: Ordizian. “Prohibido escalar” dokumentala ikusteaz gain, mahai-inguru bat egin zen. 25 lagunen aurrean, hiru hizlarik jardun zuten: Ibai Aizpuruk (Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria), Mikel Saez de Urabainek (Goierriko eskalatzailea) eta Aldalurrek berak.

Eskalada jarduera eta espezie mehatxatuen babesa nola uztartu eztabaidatu zen. Oro har, iritzi interesgarri zein bateratuak egon ziren. Aipatzekoa da informazioaren garrantzia eta ingurumen hezkuntzaren beharra azpimarratu zela. Eta honakoa adostu: «Horma bat debekatu edo erregulatzen denean, erakundeek saiakera berezia egin behar dute federazioen bitartez eskalatzaileen kolektiboari neurri horien arrazoiak ongi azaltzeko».

Horren haritik, parte-hartzaileek beste gai batean egin zuten bat: «Informazio emate hori eskalatzaileen ingurumen-heziketa batekin lantzen bada –eskuorri didaktiko bat atera eta zona debekatu edo erregulatuetan xafla berezia jartzeko aukera jorratu zen–, espezieak hobeto ezagutzeko aukera emateaz gain, erregulazioak ulertzeko tresna izan daitezke».

Bestalde, inguru zehatzetako erregulazioen gaia landu zen: «Araotzen zona esperimental bat egiteko xedea landu dute bertako eskalatzaileek, non egun debekatua dagoen zona batean eskalatzea baimendu eta espeziei jarraipena egitea proposatzen dugun». Txindokiko ipar isurian mendiko eskalada klasikoa egiteko eskaria ere proposatu zen.

Azkenik, elkarlanean jarraitzeko borondatea eta beharra agertu zuten, baita datorren urteetan ekimen gehiago abiatzeko asmoa beharrezkoa ikusi ere. Hau guztia aipatu ondoren, topaketen inguruko balorazioa egin zen: «Aurreikuspenak bete dira, eta ekitaldi hauei buruzko balorazio oso positiboa egiten dugu».