GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Egunero egin behar da kanpaina!


Asko hitz egin da gaiaz, gehiegi. Horregatik, albo batera utzi eta datorren larunbateko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako egunaz hasi naiz zutabea idazten, baina nago aurten ezin dela larunbateko egun hori Iruñean azken txanpan dagoen epaiketari heldu gabe ulertu. Bai, aste honetan, eragile eta instituzio desberdinetako ordezkariak emakumeari aitortu behar zaizkion “tasun” guztiak defendatzen ikusiko ditugu: askatasuna, duintasuna... Beste behin, emakumeon askatasuna eta osotasun fisiko eta psikologikoa urratzen duten gertaerak salatzeko premia aldarrikatuko dute, eta bitartean azken denboran izan den erasorik bortitzenaren aurrean isilik sumatu ditut ordezkari asko. Ez naiz bortxaketaz ari bakarrik, haren ondotik eta epaiketaren bueltan iritsi diren erasoez baizik.

Diruz eta esfortzuz oparoak diren kanpainak egiten dira gazteen artean erasoak identifikatzen ahalegindu eta salaketa bultzatzeko, baina nago azken denboran egin diren ahalegin asko hutsean geratu direla azken asteetan gertatu dena ikusita. Izan ere, zer mezu zabaldu da? Salaketa egitera atrebitzen den edonork prest egon behar duela bere esana behin eta berriz defendatzeko, hura zalantzan jarriko zaiola une oro, gizartean halako erasoak jasaten dituzten emakumeentzat arautuak dauden jokamoldeekin bat egin beharko duela derrigor, bere erasotzaileek defentsarako hautatzen duten estrategia zitala jasan beharko duela; eta gainera, hori gutxi ez, eta ez duela kale eta plazetatik kanpoko sostengu keinurik jasoko... Ederra «sentsibilizazio kanpaina!».