23 NOV. 2017 IKUSMIRA Benetan? Alazne Basañez Kazetaria D atorren urterako aurrekontuak aurrera ateratzeko ahaleginetan ari dira instituzioak. Landutako proiektua urtea bukatu aurretik onartzeko indar nahikorik ez duenak babesa bilatu behar du eta esku artean duen egitasmoaren bertuteak «saldu» beharko ditu. Horretan ari da Lakuako Gobernua egunotan. Norbaitek babestuko zituela eta iazkoak luzatzea ez zutela aurreikusten esan zuen Azpiazu sailburuak, aurrekontuen «izaera soziala» nabarmenduz. Jeltzaleak azken urteotan bidelagun izan dituzten indarrekin berriro ere bidea egiteko eta besteekin ez dutela deus jakin nahi ezkutatzeko egiten ari diren jauziak alde batera utzita, “sozial” horri buruzko aipamen txiki bat. Izaera soziala dute beti ahoan eta datuen azterketa eginda izate hori txikiagotu egiten da. Aurten ere zorraren ordainketari lehentasuna ematen diotela egiaztatu du ELAk, hezkuntza, osasun edota zerbitzu sozialen beharrak bigarren mailan utziz. Eta horren adibide garbia dugu Hezkuntza arloan. Haur eskoletan, sukalde eta garbiketa eremuan greba egin dute aurreko asteetan; gaur, heziketa berezikoak deituta daude; irakasleak hurrengoan. Atzo EAEko Administrazioan geldialdia egin zuten ELA eta LAB sindikatuen deiari erantzunez... Kontratuen behin-behinekotasunaren kontra ari dira, zerbitzuen pribatizazioa salatu dute, formazio planak eskatzen dituzte, murrizketen kontra, baita soldatetan ere.... «Esadazu ze baldintzetan lan egiten duzun eta ematen duzun zerbitzuaren kalitatea zein den esango dizut», zioen greban urtea eman duten Bizkaiko erresidentzietako langileak. Eta hori aplikatuta, aurrekontu sozialak ote?