J.L.
sokatira

Lauko Txapelketak Berriozarren izango du jarraipena 

Euskal Herriko Goma gaineko Lauko Txapelketako lehen jardunaldia jokatuko da asteburu honetan mutilen 300 kilokoan eta nesken 260 kilokoan.

Egia esan, nesken egoera poztekoa da; izan ere, azken urteetan ez bezala, aurtengoan talde asko izango dira eta horrek bai mutilen eta bai nesken lehiaketak ere egun ezberdinetan egitera behartu ditu, taldeen kopurua ikusita ezinezkoa zelako biak egun berean egitea. Orain ikusi beharko da nesken taldeek zortzikoa hasten denean jarraipena duten edo ez.

Bi saioak Berriozarren izango dira eta gaur neskak arituko dira, 17.00etan hasita. Badaiotz, Txantrea B, Ibarra A, Beti Gazte eta Antsoain izango dira multzo batean; eta bestean, berriz, Txantrea A, Ibarra B, Bizindar, Uztaritze eta Berriozar izango dira lehiatuko diren taldeak.

Bihar, berriz, mutilen txanda izango da Berriozarren bertan, 11.30ean hasita. Hemen ere bi multzotan banatuta arituko dira taldeak. 

Beti Gazte, Berriozar A, Ibarra A, Txantrea, Getxo, Baigorri eta Sokarri arituko dira multzo batean; eta bestean, berriz, Murueta, Berriozar B, Ibarra B, Kaskailueta, Antsoain, Uztaritze eta Ñapurrak.

Bietan, bai nesketan eta bai mutiletan, jokatzeko era bera izango da. Bi jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute, eta multzo bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuek finala jokatuko dute abenduaren 17an Kortezubiko pilotalekuan.

Finalera iritsi aurretik, ordea, ligaxkako beste saio bat ere jokatu beharko dute, eta hori Ibarrako pilotalekuan izango da abenduaren 3an. Kasu horretan bai mutilak eta bai neskak egun berean izango dira.