GARA
DONOSTIA

Ahots irmoz, kaleak morez jantzi dituzte indarkeria matxistari aurre egiteko

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, hiriburuetako kaleak jendez bete ziren atzo. Hainbat herritan ere protestak antolatu zituzten, bertako taldeen ekimenez.

Euskal Herriko hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin ziren atzo Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna zela eta. Emakumeen aurkako eraso sexistak etengabe gertatzen dira oraindik ere, eta beraz, sentsibilizazio egunak beharrezkoa izaten jarraitzen du. Mugimendu Feministak Baionan, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen antolatutako mobilizazioetan “Zure egia gurea egiten dugu” mezua zabaldu zuten.

«Gure hitza zalantzan jartzen duten detektibeen dossierren gainetik, justizia egiten ez duten epaitegien gainetik, gure bizipenak ukatzen dituzten jendartearen errelatoen gainetik, hainbat komunikabideren morbo eta egiturazkoa den biolentzia matxistaren desitxuratzearen gainetik, zure egia gurea egiten dugu, elkarri aitortzen eta sinisten diogu», aipatu zuten ohar baten bidez Iruñeko talde bortxaketak azken egunetan pil-pilean jarri duen gaia azpimarratuz.

Politikari eta erakundeek ere bat egin zuten nazioarteko egunarekin. Donostian, goizean, Lakuako, Gipuzkoako Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Udaletxeko ordezkariak elkartu ziren indarkeria matxista salatzeko.

Markel Olano diputatu nagusiak gogora ekarri zuen Aldundiak “Denok zu” kanpaina martxan jarri duela. «Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak denak garela barneratzen den unean, pixkanaka arazoa konpontzen joango da», aipatu zuen.

Herrietan ere, lila

Bestalde, indarkeria gaitzesteko puntu lilarekin apaindu zuten Gasteizko Legebiltzarra. Nafarroan, aldiz, Parlamentuan bi adierazpen instituzional onartu zituzten. Bestalde, Burlatan, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Gazteen I. Topaketa egin zuten. Bertan 14 eta 30 urte bitarteko gazteak elkartu ziren tailer tematikoen eta musika ekintzen bidez gaia jorratzeko.

Herriekin jarraituz, Bizkaian adibidez, Ezkerraldean mila pertsona baino gehiago elkartu ziren bertako emakume taldeek antolatutako mobilizazioan. Barakaldotik eta Santurtzitik atera zen martxa, eta bi zutabeek Sestaon egin zuten bat, irailean indarkeria matxistaren ondorioz hil zen Noelia Noemi gogoratzeko.