Belen Gonzalezi agur sentitua eman eta etorkizuna aldarrikatu du Sortuk
Joan den astean gaixotasun luze baten ondorioz hil zen Belen Gonzalezi agur ekitaldia eskaini zioten atzo eguerdian Lazkaon Sortuko kideek eta bere gertukoek. Bere ibilbide militantea gogora ekarriz, Gonzalezen borroka pertsonal eta politikoak azpimarratu zituzten feminismoa eta preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatu zituen ekitaldian.
Azaroaren 16an zendu zen Belen Gonzalez Donostiako ospitalean, gaixotasun luze bat tarteko. 2009an minbizia detektatu ziotenetik etxean zegoen, espetxealdi arinduarekin, aurretik urte luzez kartzela ezberdinetan preso egon ostean. Atzo eguerdian Lazkaon, bere jaioterrian, agurtu nahi izan zuten Sortuko bere kideek, baita bere gertukoek ere.
Ekitaldian bere borrokak ekarri zituzten gogora, arlo guztietakoak, pertsonalak eta politikoak. Bertan izan ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi, Rafa Diaz, Arkaitz Rodriguez, Jose Lluis Elkoro, Itziar Aizpurua eta Garbiñe Aranburu.
Tximeletei zien miresmena baliatu zuten ekitaldiko ikur nagusi bezala eta parte hartu duten guztien artean osatu zuten more eta arrosa koloreko bat. Antton Lopezek eta Miren Zabaletak hartu zuten hitza lehenik. Maitasun hitzak izan ziren Lopezenak, Gonzalezekin bizitako esperientziak entzuleekin partekatuz. «Bizitzari eskerrak ematen genizkion militantzia konprometitu baten parte izateagatik», esan zuen Lopezek.
Gonzalezen historia pertsonala militantziari estuki lotuta dago. ETAko militante gisa bi espainiar gobernurekin izandako negoziazioetan parte hartu zuen, Aljerren eta Suitzan. Aspaldiko lagunak ziren Belen eta Antton, azken honek gogoratu zuenez, Ziburun elkar ezagutu zutenetik. «Garai gogorrak izan ziren», aipatu zuen. Elkarbanatu dituzten esperientzietatik nabarmendu zuen Belen «emakume iraultzailea» zela gizonen mundu batean eta gaineratu zuen beren azken egunetara arte eraman duela aurrera bere borroka feminista, baita ezker abertzalearekin zuen konpromisoa ere.
Burujabetza
Sortuko Kontseilu Nazionalaren izenean Miren Zabaletak hartu zuen hitza. Honek ere Gonzalezen kemena nabarmendu zuen eta indar handiko emakumea zela aipatu zuen. «Emakume ahaldundua izan zen. Bere buruaren jabe egiten den emakume izatetik, herri honen burujabetzaren aldeko konpromisora igaro zena. Francoren garaietatik aktibismo politikoan, langile mugimenduan edota feminismoan aritu zena».
Azken hamarkadetako aldaketei erreparatuta, bere garaian Gonzalezek egin zuen irakurketa partekatzen dutenak asko direla azaldu zuen Zabaletak. Batetik, «trantsizioa deitu zitzaion horren gezurra agerian» geratu delako. «Etorkizuna aldarrikatzen dugu», gaineratu zuen Sortuko ordezkariak, eta Telesforo Monzonen hitzak gogora ekarriz adierazi zuen: «Burujabetzaren aroa irekitzea dagokigu, Estatuari berdinetik berdinera hitz eginez». Hala, aurrera begira erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo soziala Euskal Errepublikaren aldeko bilakatzea kokatu du erronka gisa.
Presoak
Hitzaldia euskal preso politiko zein iheslari guztiak gogoratuz amaitu zuen Zabaletak. Hauek gogoratuz mintzatu zen baita ere Oihana Garmendia. «Etorkizuneko Euskal Herria barroterik gabe amesten dugu», adierazi zuen. Presoen eta iheslarien etxeratzearen aldeko borroka nabarmendu zuen honek: «Pausoz pauso lortzen ari gara, bide onean goaz», azpimarratu zuen. Ildo horretan, EPPK-k egindako ekarpena ekarri zuen gogora.
Lagun eta gertukoek ere hartu zuten parte ekitaldian. Hunkituta igo ziren agertokira bere Lazkaoko lagunak, harekin bizitako uneak irudien bidez gogora ekarriz. Baita azken urteetan, gaixotasunak gogor jo zuenean, bera zaintzen emandako momentuak ere. Adiskidetasunaren lekuko izan ziren ondoren Elena Beloki eta Mertxe Galdos, Belenekin trukatutako gutunen pasarteak irakurriz.
Borroka feministaren aldarrikapena eginez amaitu zen agur ekitaldia, Belenentzat hain garrantzitsua izan zen borroka. Horren adierazle, ezker abertzaleko emakume talde zabala igo zen agertokira.