28 NOV. 2017 Berezkoak Gixandutek eta Etxegaraik iragarpenak bete dituzte Garatenean Jon LEUNDA Gixandut eta Etxegarai izan dira berezkoen Superprestigioko lehen kanporaketa gainditu duten aurreneko bi pilotariak. Gixandutek oso erraz hartu zuen mendean Migeltorena, 45 minutu nahikoak izan baitzituen 40 eta 17 irabazi ahal izateko. Gixandut zen faboritoa, eta hasieratik bukaerara nagusi izan zen, aurkariari inongo aukerarik eman gabe, markagailuak erakusten duen bezalaxe. Saketik 11 kintze egin zituen Gixandutek, eta 6 Migueltorenak. Jokoan irabazleak 24 tanto egin zituen, eta bost galdu, eta galtzaileak, berriz, jokoan sei egin, eta bost galdu. Markagailua honela mugitu zen: 5-0, 13-5, 17-6, 28-13, 32-16 eta 40-17. Bigarren partida ez zen amaitu, Amuletek min hartu baitzuen, eta ondorioz Etxegarai izango da aurrera egingo duena. Dena dela, Etxegarai bera ari zen 33 eta 25 irabazten. Une horretan Amulet pilota bat itzultzera joan zenean izterraren atzealdean sastada handi bat sumatu zuen, eta ezin izan zuen partidan jarraitu. Gixandutek, datorren astelehenean Lanbertek eta Monzek jokatuko duten partidako irabazlearen aurka jokatuko du abenduaren 11n, eta egun horretan bertan, Etxegarai, datorren astelehenean Darmendrailek eta Bilbaok jokatuko duten partidako irabazlearen aurka arituko da.