01 DIC. 2017 GUTUNAK Eta orain Alfa? IGONE LAMARAIN Eibarko EH Bilduren bozeramailea Batez beste %10ekoa da langabezia-tasa Gipuzkoan. Datu kezkagarria da hau. Baina are kezkagarriagoa da Eibarkoa, %14,3, Gipuzkoako bigarrena Soraluzeren atzetik. Are txarragoa, azkeneko urteotan Eibar beti egon da Gipuzkoako langabezia-tasarik altuena duten herrien artean. Eusko Jaurlaritzarena da lan-mundua eta industria eskumena, berea da planak eta inbertsioak egiteko ardura, baina ahaztutako eremuak dira Eibar eta Debabarrena osoa. Eta orain Alfa? Euren etorkizunaren alde ari dira Alfako langileak. 800 langile zituen Alfak 2013an, 200 langile ditu orain. Gutxiago izan daitezke epe motzean, Alfaren enpresetako bat ixteko erabakia hartzeko asmotan dabilelako zuzendaritza. Egoera aztertuta badakigu bideragarria dela Alfa. Zuzendaritzaren esku dago Alfaren etorkizuna eta langileen baldintza duinak bermatzea, borondatea da behar den bakarra. Aspaldi hasi zen gertatzen deslokalizazioa eta desindustrializazioa Eibarren; honek eragina izan du langabezian eta PIBen. Galera izan da lanpostuen kalitatean, baita herritar askoren eroste ahalmenean ere. Argi daukagu egoera hau iraultzea ez dagoela gure esku bakarrik. Industria erakartzeko mugak izan ditzake Eibarrek, baina puntako formazioa eta urteotako esperientzia daukagu eskaintzeko. Horregatik, Eskualdeko Berrindustrializazio-plana behar dugula uste dugu, eskualdean izan daitezkeen sinergiak landuz asko eduki dezake eskaintzeko Debabarrenak. Horretarako, instituzioek elkarlanean, eta batez ere Eusko Jaurlaritzak, inbertsioak egin behar dituzte. Bitartean bertan ereindakoak kanpora joaten jarraituko du, aberastasuna ez da herrian geldituko.