02 DIC. 2017 HAUR LITERATURA Abenturen zurrunbiloetan Xabier ETXANIZ ERLE M.A. Mintegiren liburu honetan murgildu aurretik irakurleak susma dezake abenturazko liburua dela “June eta meategiko iheslariak” hau; are gehiago, kontrazalean Juneren oporretako hainbat kontu ageri zaizkigu eta «Onik aterako al da?» galderarekin amaitzen da informazioa. Eta bai, June arazoz inguratuta omen dago, nerabezaroan dauden gazte gehienak bezalaxe; kuadrillako mutil harroputzak berarekin ligatu nahi du (edo ez du ezezkorik onartzen, esan beharko genuke), horrez gain gurasoak arazotan daude, bata lan kontuengatik eta bestea amona zaintzen ospitalean… baina Juneren benetako buruhausteak meategi abandonatuan aurkitu dituen gazte eta aitonarengatik izango dira: «Zuhurrak izan behar dugu. Gure onerako, eta, gurekin topo egin duzunez gero, zure onerako ere bai. Labur esanda, atzo François bahitu nahi izan zuten bi tipok, eta txiripaz ez zuten lortu (…) zure eskuetan gaude, argi eta garbi esanda. Beharbada ez duzu ulertuko zergatik, baina hala da. Ziur asko hor kanpoan edo haranean bueltan ibiliko dira gure bila dabiltzanak. Horregatik, gehiegi eskatzea izango litzateke, isiltasuna gorde dezazun eskatzea? Horixe besterik ez. Guretzat hil ala bizikoa izan liteke zure erantzuna». Juneren inguruan hainbat istorio eraiki ditu Mintegik; kuadrillan dagoen giroa, Alex harroak ezartzen duen kontrola eta gainerakoak nola gutxiesten eta erasotzen dituen, Juneren eta Ikerren artean eraikitzen den adiskidetasuna; Leirerekin, aldiz, Alex dela-eta galtzen ari dena; François eta aitona lagundu nahi izatea… eta hauen atzetik dauden bi bikote maltzurren istorioa. Eta, aitortu behar da, irakurlea harrapatuta gelditzen dela gertakarien eta misterioen zurrunbiloan. Gustura irakurtzen den nobela da, baina, tamalez, ‘baina’ batzuez hitz egin behar dugu; oso argi aurreikusten da amaiera zoriontsua eta, bestalde, sinesgarritasun aldetik Nadia eta Igor eta Marcel eta Roland bikoteen elkarrizketak, gogoetak eta pentsamenduak azaltzea, narratzaile orojakile hori, horretan ez duela asmatu esango nuke. Gainera, aukera ederra zegoen, liburuan planteatzen den gaiagatik, neska-mutilen arteko harremanei buruz zerbait gehiago esateko; kuadrillakoen artean (edo nesken artean, gutxienez) Alexen jokabideaz zerbait argitzeko. Izan ere, kuadrillako egonaldietan pertsonen erabilera norberaren nahia lortzeko, bullying eta eraso (baita sexista ere) izatetik nahiko gertuko pasadizoak daude: «Zalantza egin du Alexek, eta June alde egiten saiatu da. Ez du lortu. Mutila erne ibili da, eta besotik helduta galarazi egin dio. Jarraian, mugimendu azkar batekin hormaren kontra eraman du. Bere beso erdian gelditu da harrapatuta June. Alexen arnasa epela sentitzen du aurpegian, alkohol eta tabako gorriaren nahasketa. Mutilaren begietan amorrazioa eta desira ikusten ditu islatuak». Ikus daitekeen moduan, idazkera bizia darabil idazleak, narrazioaren haria ederki korritzen duelarik, eta Erostarberen irudiek lagunduta, irakurleak ederki disfrutatuko du orrietan zehar ageri diren abenturez, Juneren larriune eta buruhausteen zurrunbiloan bat eginez.