Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Luhuso-Paris

Ostiral arratsa zen. Aste bukaerako ataria izaki, Urruñako erredakzioan jende gutxi geunden. Ordenagailua itzali eta bertan geratzen zen Info7ko kidea agurtu nuen etxerako bidea hartu aitzin. Ofizio honetan gainetik kendu ezin den joerari eutsita, irratian berriak entzunez, erdi entzunez egia esateko, egin nuen bidea. Luhuson arma batzuen inguruan zerbait arraroa entzun nuen, baina hain zen bitxia berria, gaizki ulertuko nuela pentsatu bainuen.

Etxera iritsi eta ordenagailua piztutakoan ohartu nintzen zuzen entzun nuela. Zer da hau? Hortik aurrera, han eta hemen belarria jartzen, telefonoa astintzen... benetan kontu serioa da? Berhokoirigoin, Txetx, Beatrice… atxilotuak? Zer gertatu da zehazki? Nahasmena nagusi eta trumilka zetozen berriak kontrastatzeko aukera gutxi. Goizaldeko ordu txikietan, halako jazoera ezohikoak merezi zuen tamainako estaldura informatiboa ematearren Soto zuzendariaren aurreikuspenen azken e-maila jasota oheratu nintzen. Bihar ere eguna argituko du eta gauzak argiago ikusiko ditugu.

Baita ikusi ere. Han hasi zen «bakearen artisauak» izen bitxikoen jardun publikoa, hurrengo egun, aste eta hilabeteetan segida izango zuena. Kasik urtebete pasatu da zur eta lur utzi gintuen lehen ekintza hartatik. Halako metodo harrigarrien aurrean hasierako eszeptizismoa beheititzen joan da eta, bere gorabehera guztiekin, azkenean ETAren armagabetzea era ordenatu, duin eta eraginkorrean gauzatzea erdietsi da.

Jakina, Luhusoko bost haiez gain, helburu horretara iristeko ekintzaile mordoaren ahalegin izugarria baitezpadakoa izan da, aurpegia eman dutenena eta ezinbestean ezkutuan eta diskrezioz aritu direnarena ere bai. Eta, nola ez, apirilaren 8an Baionan babesa eman genien milaka herritarrena.

Hurrengo erronkaren aurrean gaude orain, preso, iheslari eta deportatuen auzia behingoz konponbidean jartzearena, alegia. Estatu frantsesak egin dituen keinu ñimiñoak egiazko urrats bihur daitezen bultzada indartsuak beharko dira. Abenduaren 9an, Parisen euskal indarra erakutsi beharra daukagu. Izan ere, artisauen leloak dioen bezala, «Denok gara bakegileak».