08 DIC. 2017 52. DURANGOKO AZOKA Aro baten soinu banda eta gizarte eraldaketak, GARAren standean Herri eraikuntzarako mirak etorkizunean jarrita dauden honetan, GARAk gertuko historiari errepasoa egitea proposatzen du, memoria oraina eta batez ere etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko zutabe dela sinetsita. Durangoko stand-ean, «Egin» gogoan osatutako soinu banda, eraldaketa sozialak eta zinema eraikuntza dira protagonista. Última actualización: 08 DIC. 2017 - 09:31h Amalur ARTOLA DURANGO Aurten ere GARAk ez dio hutsik egin Durangon kulturak duen urteroko zita handiari eta, herria eraikitzeko bidean memoriak duen pisuaz jabetuta, zeregin horretan ale berriak jartzera datozen hiru argitalpen berri ekarri ditu Azokan jarri duen standera: “Bat, bi, hiru. Egin 1977-1998. Garai baten soinu banda” disko-liburua, “Ipar Euskal Herria iruditan, XX. mendea” argitalpen bikoitza eta “Ikuska. Ezina ekinez egina. Los cimientos para una cinematografía vasca” liburu eta dokumental sortaren USB edizioa. Egunkari honen ibilbidean erreferentziazkoa den urteurren bati omenaldia egitera dator lehen argitalpena. Izan ere, aurten berrogei urte betetzen dira “Egin” sortu zenetik eta efemeridea gogora ekartzeko 70eko eta 90eko hamarkadetara bidaia musikala egitea proposatzen du “Bat, bi, hiru” disko-liburuak. Bildumak Euskal Herriko historia hurbilean izan den garai bizi eta sortzaileenetako bateko musika banda jasotzen du eta, berrogei abestiren eta beste horrenbeste artistaren eskutik, garai hartako testuingururako bidaia proposatzen du; badaude egile-kantuak eta rocka, baita aldarrikapena ere, lirikotasuna, punka, hardcorea... Irakinaldi kultural eta musikal beteko urteetako giroa, hiru diskoz eta Pablo Cabeza musika adituaren hitzaurrea (euskaraz eta gazteleraz) daraman liburuaz lagunduta. Hiru diskoak eta liburua 18 euroren truke eskura daitezke. Musikatik irudira Eta musikatik zinemagintzara. Garai bertsuan Euskal Herriaren erradiografia bideokamera eskuan zutela egiten ari zirenen ekarpena biltzen du “Ikuska. Ezina ekinez egina” bildumak. Izan ere, 1979 eta 1984 artean euskal zuzendari talde batek, Antxon Ezeizaren gidaritzapean, euskarazko “Ikuska” dokumental bilduma osatu zuten eta zeregin horrekin euskal zinemagintzaren oinarriak ere ezarri zituzten. USB formatuan datorren edizio honen barnean, Gotzon Aranbururen sinadura daraman 64 orrialdeko liburua eta hamabost zuzendariren 21 dokumental daude (hiru ordu eta erditik gorako iraupena dute denera). Liburua euskaraz eta gazteleraz dago eta dokumentalak, aldiz, jatorrian filmatu bezala, euskaraz. Guztia, 14 euroren truke. Irudia da, halaber, aurten GARAk Durangora ekarri duen hirugarren proposamenaren muina. “Ipar Euskal Herria iruditan, XX. mendea” argitalpenak argazkien bidez Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako aldaketa sozialak, paisaiak, pertsonaiak, gerrak, nazien okupazioa eta erresistentzia, bizitzeko erak... biltzen ditu. Finean, aro baten irudi bidezko erradiografia, bi liburukitan –“Gerren arteko bizitza (1901-1940)” eta “Itzalpetik argitara (1940-2000)”. Juantxo Egaña arduratu da dokumentazio grafikoaz eta Iñaki Lekuona testuez. Landakon, 18 euroren truke eskura daiteke liburuki bakoitza. «Armagabetzea. Euskal bidea» argitalpenaren aurrerapena Urte berriarekin batera ikusiko du argia “Armagabetzea. Euskal bidea” liburuak, gure gertuko historian mugarri bat ezarri zuen gertakari baten gaineko xehetasunak biltzen dituen argitalpena. Liburuak Iñaki Egañaren sinadura darama eta testuak osatzeko bidean lagun izan ditu Iñaki Altuna, Arantxa Manterola, Ramon Sola, Iñaki Iriondo, Goizeder Taberna eta Antton Rouget kazetariak. GARA, Mediabask eta Txalaparta argitaletxearen indarrak batuta osatu da eta biltzen dituen 304 orrialdeetan zehar orain artean argitara eman ez diren dokumentu eta argazkiak ikusi ahalko dira. Agerkaria hiru hizkuntzatan eskuratu ahalko da, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. “Armagabetzea. Euskal bidea” 2018ko hastapenean argitaratuko den arren, Durangon izango da liburuaren aurrerapena irakurri eta erreserba egiteko modurik, GARAren standean, 18 euroko prezio beheratuan.A.A.