GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Bidaia bat maitasunaren hirira


Maitasun istorio bat kontatu nahiko nuke. Egiaz, milaka maitasun istorio dira, urteek higatu beharrean indartu egin dituenak. Angelitak ongi daki hori, Ibon semea biziari lotuta mantendu eta espetxeko barroteetatik kanpo ateratzeko eguneroko borrokak erakutsi dio. Hari bezala, maite duen hori larriki gaixo eta preso duen senideari. Ama, aita, akaso biak, ziega urrunetan dituen haurrari. Astero-astero errepidean larrua arriskatzen duten horiei.

Indar eta maitasun erakustaldi etengabea da beraiena. Baita injustiziak eragindako sufrimenduarena ere. Parisen, maitasunaren hiria deitzen duten horretan, egingo dute bihar maitasun eta aldarrikapen erakustaldi zintzo eta irmoa. Eta ez dira bakarrik egongo. Azken hilabeteotan presoen auziari irtenbidea emateko eskakizunak sostengu zabala jaso du. Bereziki ageria izan da hori Ipar Euskal Herrian eta Pariserako bidean utzi dituen irudiak dira horren erakusle. Kolore guztietako hautetsiek eman dute beren hitza konponbidearen alde, Pariseko udaletxean aho batez egin zuten eta azken egunotan atxikimenduak gehitu egin dira.

Babes horrek agertoki berri bat ireki lezake eta itxaropen hori zabaldu da gutako askorengan. Ireki den ziklo berriari arduraz eta konpromisoz erantzun behar zaiola uste dugunongan. Parisen ostean zer etorriko den ez dakigu; badakigu, ordea, azken urteetako lanak zer ekarri duen. Luhuso, Baiona, Paris... eta osatzen joan beharko dugun zerrenda. Maitasunaren hiria zeharkatzetik konponbidearen herria eraikitzera irits gaitezen.