08 DIC. 2017 52. DURANGOKO AZOKA ZEIN OTE DA LIBURU ANDANTEA? POEMA LIBURUA HEMEN DABIL! GAZTETU EGIN DA AZOKA IKASLEEI ESKAINITAKO EGUNAREKIN. PAPEREZKO KONTSUMOA ETA PANTAILA AURREKOA GURUTZATU DIREN GARAIAN AUTOBUSETATIK JAITSIARAZI DITUZTE NERABE BANDAK. ETORKIZUNA BEGITANDU ZAIE EDITOREEI, ETA HAIEN LIBURUAK OINEZ IKUSI DITUZTE MUTURREN AURREAN. FUTUROKO IDAZLE/IRAKURLEAK DIRA. Última actualización: 08 DIC. 2017 - 09:03h Ariane KAMIO Editoreekin erronda egiterakoan, barkatuko dit berak baina Gorka Arrese harrapatzea izan da zailena. Azken urtea du aurten Susako editore gisa eta batetik bestera dabil hura eta bestea egiten, ezaugarri duen ohiko espontaneotasunarekin bat. Badator azkenean. «Seme-alabei diskoak erosten aritu naiz!», desenkusatu da. Ez da kazetarien galderak erantzutea bere lanik gogokoena –«bota galdera lehenengo, pentsatu egin beharko dut-eta»–, baina Azokari zer itxura hartzen dion azaldu beharko du, bederen, aurten (sasi)jai egunez hasi dela eta... «Abenduaren 6a berdin dio lehenengo eguna izan, bigarrena, laugarrena, berdin dio zein egun tokatzen den... (telefonoa). - Uxue &bs;[Alberdi], zer moduz? Aparkatu ezinik? - ... - Bai, bai. Gero arte –Eta jarraitu du– Abenduaren 6a beti halakoxea da. Munduko erakustaldirik handiena egin behar da egun horretan, antikonstituzionalak gara! Jendeak erabiltzen du hori demostrazio politikoa egiteko eta demostrazio kulturala egiteko». Baina atzokoa ikasleen eguna izan zen. Harira. «Literatur editoreek izugarrizko garrantzia eman beharko liokete egun honi. Zeren edozein gazte liburu bat ukitzen ari dena, emozionantea izateaz aparte, espeziala da gaur egun. Gehienak pantaila bati ikuka aritzen direnean. Gure artean askotan esaten dugu: ‘Begira, hauetako bat izango da urte batzuk barru poema liburu bat publikatzeko ekarriko diguna’. Zein ote da gure poema liburu andantea? Poema liburua hemen dabil!». Ikasle egunak duen garrantziarekin bat datoz beste hainbat argitaletxetako editoreak. Mikel Soto (Txalaparta) bere lehenengo bisitez akordatu da, ikastolako eta institutuko garaietan egindako haietaz. «Euskaldunoi gertatzen zaigu ez dugula geure burua kanpotik ikusten. Uste dut ez garela konturatzen Durango zer den. Urrutira zoaz, herri batera, gune itxi batera, liburuak deskonturik gabe erostera. Erromeria esaten denean esaten da zentzu peioratiboan, baina nik zentzu positiboan ikusten dut, zeren fedea behar da hona etortzeko. Eta zentzu horretan oso inportantea iruditzen zait transmisio hori egitea». Musikaren garrantziari jarri dio azpimarra. «Nekez etorriko dira Garazi Arrula edo Jose Luis Otamendi ikustera. Datoz Berri Txarrak ikustera, Txapelpunk ikustera... Lehen kontaktu hori egotea eta miresten duten jendearekin egon ahal izatea garrantzitsua da». Ildo beretik mintzatu dira Xabier Mendiguren (Elkar) eta Pello Elzaburu (Pamiela). «Gazteei eman behar zaie liburuak eta diskoak eta bestelako kultur sormena hor dagoela transmititzeko aukera», dio Mendigurenek. Belaunaldien arteko erreleboa etengabe gertatzen ari dela uste du. «Adibide bat jarriko dut. Saiakeran bi liburu atera ditugu, bat Joxe Manuel Odriozolarena eta bestea Jule Goikoetxearena. Biak oso interesgarriak. Publiko askoz gehiago izan du Goikoetxeak. Eta horrek arrazoi biologikoak ditu. Joxe Manuel Odriozolak 65 urte pasa ditu eta bere belaunaldiko jende gutxiago geratzen da, eta nahiz oso irakurlea izan bere belaunaldiko jende asko, Goikoetxea gazteagoa da eta gazteentzat erreferentzia bat da». «Munduko azoka guztietan eskaintzen zaie gazteei tarteren bat eta hori mantendu behar den kontu bat da. Azoka ez da bakarrik saltzeko, baizik harremanak izateko gaur egungo eta etorkizuneko irakurleekin, eta funtzio hori bete-betean betetzen du ikasle egun honek», esan du, bestetik, Elzaburuk. Bada inportantea Ekarpen ekonomikoaz hasi da Mendiguren. «Durangoko Azoka da lehengo ohiturei lotuta dagoen antolamendu bat. Ez dakit Azoka alda daitekeen gaurko usadioetara, baina gaurko usadioak dira gehiago norbera bere etxean bere pantailarekin. Eta gainera diru transakziorik gabe. Eta argitaletxeok behar dugu, noski, onuraren bat atera». Editore batzuen arabera, Durangoko Azokako egunetan urteko fakturazioaren %10 lortzen da gutxi gorabehera. «Inoiz iritsi izan da %12ra (telefonoa berriro). - Uxue? -... Idazle bat da! Hartu egin behar diot telefonoa!... –Heldu dio berriro hariari– Badirudi ez dela asko, zenbakiari buelta emanez gero %90a sekulako zenbakia da. Baina bolumen inportantea da oso denbora gutxian egiten delako». Elzabururen aburuz, garrantzi handikoa da zifra hori, «hilabete oso bateko superbibentzia delako». Mendigurenek baserritarren adibideetara jo du. «Galdetzen badiozu feria nola joan den, esango dizu genero gutxi zegoela, edo merke saldu behar izan duela. Gu saltzaile garen aldetik beti nahi genuke gehixeago saldu, baina saldu saltzen da eta ezin gara kexatu». Aurrekoek aipatu ez duten datu bat jarri du mahai gainean Mikel Sotok: larunbaterako Parisen bakearen artisauek deitutako manifestazioa. «10.000 pertsona baldin badoaz asteburuan Parisera, 10.000 horiek Durangoko bisitari objektiboak dira». Hiru egun geratzen dira igandera bitarte, eta izan dadila oparo, Durangon zein Parisen. PD: «... -Uxue! Iritsi zara azkenean! Arianerekin hizketan nengoen deitu duzunean. - Presaka nator. Badakizue telebistako set-a non dagoen? - Nik lagunduko dizut». Mikel Soto: «10.000 pertsona baldin badoaz asteburuan Parisera, 10.000 horiek Durangoko bisitari objektiboak dira». Pello Elzaburu: «Munduko azoka guztietan eskaintzen zaie gazteei tarteren bat eta hori mantendu behar den kontu bat da». «Guk ez dugu saltzen, erosi egiten digute! Eta begira zein itsusiak garen!», esan du Gorka Arresek broman Susako salmahaiaren aurrean.