GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Lopetegik zilindro zaharrarekin erabaki du finalerdia


Mikel Lopetegik aurreikuspenak bete eta Gabonetako Kopako finala jokatzeko txartela lortu zuen. Hala ere, zarauztar gazteak gogor lan egin behar izan zuen, eta finaletik kanpo geratzeko zorian ere izan zen.

Zilindro zaharra, Kubikoa eta bola izan zituzten erabili beharrekoak, bakoitza 100 kilokoa, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, bina minutuko txandak izan zituzten.

Lopetegik zilindroarekin erabaki zuen auzia, 30 aldiz lortu baitzuen harria bizkarrean berdintzea. Peñagarikanok, berriz, lau gutxiago eman zizkion. Ondoren, etorri zen kubikoa, eta horrekin ez zen alderik egon, bakoitzak 18 aldiz jaso baitzuen, eta aldeak bere horretan geratu ziren.

Bola zen geratzen zen harria, eta aurreneko lanean Lopetegik lortutako abantaila nahikoa izango zela zirudien, eta horrela izan zen, baina zarauztarrari sufritzea tokatu zitzaion. 20 jasoaldi eman zizkion, eta Peñagarikanok 23. Guztira, Lopetegik 68 jasoaldi lortu zituen, eta 67 Peñagarikanok.

Bihar eguerdian jokatuko da bigarren finalerdia Zaldibian, aizkolarien kanporaketarekin batera, eta han neurtuko dira Izeta IV.a eta Telleria IV.a. Atzo Leitzan egindako lan bera egin beharko dute.