GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Etxegaraik eman du Superprestigioko lehen ezustea, Bilbao kanporatuta


Etxegaraik eman du Berezkoen Superprestigioko lehen ezustea, atzo Donibane Garaziko Garat trinketean Bixintxo Bilbao final-laurdenetatik kanpo utzi ostean. Beste kanporaketan, Gixandutek lortu zuen, aurreikuspenak erabat betez, final-laurdenetarako txartela, baina berak ere bapo sufritu behar izan zuen garaipena lortzeko.

Gixandutek eta Ximun Lanbertek ireki zuten jaialdia, eta dirua lehenengoaren alde zegoen. Ez zen partida honetan ezusterik izan, baina Gixandutek lan asko egin behar izan zuen kanporaketa 40 eta 32 irabazi ahal izateko.

Gixandut urduri samar atera zen, eta Lanbertek, berriz, eskarmentu handiagoa erakutsi nahi izan zuen. Bazekien kanporaketa zaila, oso zaila zeukala, baina lotsarik gabe jokatu zuen, behin baino gehiagotan faboritoa estutuz eta larri jarriz, baina Gixandutek kalitate ikaragarria dauka. Honelako pilotariak menderatu ahal izateko dena zuzen egin behar da, eta bestea horren zuzen ez aritzea komeni izaten da, baina Gixandutek ere aurrera egin nahi zuen, eta azkenean Lanbert bazterrean utzi, eta hurrengo kanporaketa jokatu ahal izango du. Final-laurdenetan, gainera, Gonzalez izango du aurrean. Bizkaitarrak iaz sekulako lehiaketa egin zuen.

Ezustea bigarren neurketan izan zen, Etxegaraik 40 eta 39 menperatu baitzuen Bilbao. Bixintxok bigarren urtez jarraian kale egin du lehiaketa honetan. Bera zen faboritoa, eta agian presio horrek ez zion utzi duen guztia ematen. Etxegaraik, berriz, galtzeko gutxirekin jokatu zuen, presio gutxiagorekin, eta ongi eutsi zion aurkariari azken txanpa horretara aukerekin iritsiz. 39nako berdinketarekin, Etxegaraik asmatu egin zuen, eta final-laurdenetako txartela eskuratu zuen. Han, Ospital izango du aurrean. Hurrengoan ere ez da faboritoa izango.