Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

«Inception»

Dom Cobb pertsonen ametsetan infiltratu eta biktima konturatu gabe ideiak, kutxa gotorren klabeak eta abar lapurtzen dituen ebaslea da “Inception” (Iturria) pelikulan. Misio berezi baterako kontratatuko du enpresari batek. Bere lehiakide den enpresako buruari ideia bat lapurtu baino, ideia bat txertatu behar dio bere subkontzientean, bere pentsamenduaren iturrian, enpresa itxi dezan bere borondatez.

Euskal herritarron subkontzientean Cobb abilak ideia bat txertatu zuen aspaldi: euskal oasiarena. Ideia sinplea, Espainiarekiko konparazioan oinarritzen dena, gure pentsamendu osoa baldintzatzen duena eta ideiaren iturrira jo gabe ezabatzea zaila izango dena. Eta hala, ametsetan bizi gara. Amets oso sakonean, linboan galduta ote gauden ere oso segur ez dakigula.

Inkestek eta datuek behin eta berriz erakusten digute autokonplazentzia maila altu bat. Demostrazio sinple bat egitearren, aurreko astean Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 65. Soziometroan “Euskadiko eta Espainiako” egoera ekonomikoaren balorazioa egiteko eskatuta EAEn herritarren %65en ustez ona edo oso ona da eta Espainian aldiz %74ren ustez egoera ekonomikoa txarretik gorakoa da.

Bitartean euskal oasi horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, 70.000 pertsonak ezin dute berogailua piztu pentsioak edo soldatak ez dielako hilabete amaierara duintasunez iristeko ematen, eta Donostian 84 urteko Patxi Zubiaurre etxetik bota dute alokairu soziala ez diotelako onartu bihotzik gabeko espekulatzaile batzuek.

Patronalak bere onurarako, mehatxupean, sinarazten dituen zerga jaitsierak ospatzen dituen bitartean, izen-abizenak dituzten dozenaka mila ezkutuko errealitate estaltzen dira, «errealitate marjinalak» direlako Confebasken ustez. Eta hemen dena oso ondo doala diosku egunero Arantxa Tapiak ETBn.

Pertzepzio hori hausteko ariketa zaila dugu egoera hobetu nahi dugunok, iturburuko ideia ezabatu edo moldatu gabe eta batzuek hortik etekina ateratzen duten artean. Esango dugu Espainiarekin alderatu ordez, Europa iparraldeko herrialdeekin alderatu beharra dugula, baina Europa ez dugu egunero bizi.