J.L.
Aizkora

Hodei Ezpeletak irabazi du Gazteen Euskal Herrikoa

Euskal Herriko aizkolarien txapelketak bikainak izan dira aurten. Lehen, bigarren edo hirugarren mailakoek aho zapore oso gozoa utzi dute, eta Gazteen mailakoek ere ez zuten gutxiago izan nahi.

Hodei Ezpeletak jantzi zuen txapela herenegun ilunabarrean Asteasun jokatu zen finalean, nahiz eta segundo gutxi batzuen tartea egon zen haren eta bigarren sailkatu zen Xuban Kañamaresen artean. Bi aizkolari bakarrik lehiatu ziren, eta horrek ematen zuen pena, baina neurketa bera bikaina izan zen, emozioa izan baitzen azkeneko aizkorakadara arte, eta horixe izaten da zaleek nahi dutena.

Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Hasieratik bukaerara lehia ikaragarria izan zuten. Batzuetan bata aurretik, eta besteetan bestea, horrelaxe iritsi ziren moztu beharreko azkeneko enborrera.

Adin horretan ohikoak izaten diren eskarmentu faltak eta urduritasunak ere ikusi ziren, eta epaia itxita ere ibili ziren, baina azkeneko enborrean erabaki zen dena, eta amaiera aldean biek izan zuten irabazteko aukera, baina azkenean Ezpeletak amaitu zuen aurretik. Bukaeran minutu erdiko aldea egon zen, baina hori ez da erreala. Ezpeletak bere lana amaitu zuenean, Kañamaresek bukatzear zuen, baina besteak aurretik bota zuela ikusi zuenean, une batez geratu egin zen, eta gero erritmoa jaitsi zuen, eta horregatik izan zen amaierako minutu erdiko alde hori. Lan guztiak burutzeko, 14 minutu eta 9 segundo behar izan zituen Hodei Ezpeletak, eta 14 minutu eta 35 segundo berriz, Xuban Kañamaresek.

Mutilek amaitu dituzte Euskal Herriko Txapelketak, eta Aitzol Atutxa, Ruben Saralegi, Luix Txapartegi eta Hodei Ezpeleta izan dira garaipena lortu duten lau aizkolariak. Orain neskena geratzen da jokatzeko.