19 DIC. 2017 IKUSMIRA Nostalgia usainarekin Nagore Belastegi Kazetaria Legazpiko Haztegi ikastolak 50 urte beteko ditu 2018an eta ospakizunen artean bazkari masibo bat antolatu nahi dute: ikasle ohien bilera, «american style». Kurtsoka Whatsapp taldeak osatu dituzte, eta orain gure lana da desagertuta dabiltzan ikaskideak lokalizatzea. Gure kurtsokoek noizean behin afariak egiten ditugu. Batzuetan gogoz joaten naiz, beste batzuetan nahiago izaten dut nire denbora libre eskasa beste pertsona batzuei dedikatzea. Baina oraingoan zirrara sortu zait. Kontua ez da nire klasekideen berri izatea, gehienak kaletik ikusten ditudalako maiz, nahiz eta gutxitan hitz egiten dugun. Kontua 87ko kurtsoa 86 eta 88koaren artean kokatzea da. Eta horiek 85koen zein 89koen ondoan egongo dira. Denak batera egongo gara. Urrunago eseriko dira DBHn geundela, soinketa klasea tokatzen zitzaienean, leihotik begiratzen genien mutilak. Irakasleak ere egongo dira: nigan sinistu ez zuena, neure buruarengan konfiantza izaten lagundu zidana eta lehen aldiz heldu bezala tratatu ninduen hura. Albokoarekin asmatutako kantak eta hitzak oroituko ditut, hormonak dantzan izango begenitu bezala, barrez. Ezizenak latinez deklinatzen genituen garaiak ekarriko ditugu gogora. Konturatu nahiz duela 12 urte nire lagun-minak ziren batzuk, are lagunagoak direla egun, baina beste batzuekin harremana guztiz galduta dudala; harremanik ez nuen pertsona batzuekin primeran moldatzen naiz orain; eta ni ikusezina nintzen horientzat, nahiago dut ikusezin izaten jarraitu. Asko aldatu naiz (gara) denbora honetan, eta aldaketa horietaz harro nago. Baina badaude gauza batzuk ez direna sekula aldatzen.