J.L.
Berezkoak

Ospitalek eta Gixandutek ez dute hutsik egin

Gixandutek eta Ospitalek iragarpenak bete egin zituzten Berezkoen Superprestigioan, eta finalerdietan egongo dira, Gonzalez eta Etxegarai mendean hartu ostean.

Final-laurdenetako aurreneko kanporaketan, Gixandutek 40 eta 33 irabazi zion Gonzalezi, 63 minutu iraun zuen norgehiagokan. Partida boladaka joan zen, eta sakearekin biek egin zuten min, gainera, bakoitzak 13 kintze lortu baitzituen hasierako jokaldiarekin.

Partidaren erdian markagailuan ihes egin zuen Gixandutek, ordea, eta gero Gonzalezen erreakzioa etorri bazen ere, beranduegi izan zen, eta bizkaitarra finalerdietatik kanpo geratu zen. Jokoan 24 kintze egin zituen Gixandutek, eta 6 galdu. Gonzalezek jokoan 14 egin zituen, eta 3 galdu zituen. Markagailua honela mugitu zen: 2-0, 2-2, 12-12, 19-14, 26-16, 37-27 eta 40-33.

Bigarren kanporaketan, berriz, 40 eta 28 irabazi zion Ospitalek Etxegarairi, 72 minutu iraun zuen neurketan. Ospital zen hasterako ere faborito garbia, eta lehen pilotakadatik argi eta garbi utzi zuen han zeinek agindu behar zuen. Hasi bezain azkar 10-0 aurreratu zen, eta hortik aurrera neurketa erabat kontrolpean eraman zuen.

Behin 36-14 jarri zenean, eta garaipena eskuetan zuela ikusi zuenean, erritmoa erabat jaitsi zuen, eta Etxegaraik horixe baliatu zuen markagailua itxuratu ahal izateko. Saketik 11 tanto egin zituen Ospitalek, eta 6 Etxegaraik. Irabazleak jokoan 20 egin eta 3 galdu zituen, eta Etxegaraik, berriz, jokoan 6 egin eta 19 galdu zituen. Markagailua honelaxe mugitu zen: 10-0, 18-2, 25-4, 36-14, 38-20 eta 40-28.

Atzoko neurketen ostean, finalerdiak jokatuko dira orain, eta datorren igandean, Gabon egunean, izango dira Donibane Garaziko Garat trinketean. Jaialdia 15.00etan hasiko da, beraz hasierako ordutegira itzuliko da, eta lehen partidan Gixandut eta Ducassou arituko dira nor baino nor. Beraiek euren norgehiagoka finitu bezain azkar kantxaratuko dira Ospital eta Larralde, eta hauek ere finalerako txartela izango dute jokoan.