Mikel Larrañagak uste baino errazago jantzi du Urrezko Aizkorako Kopako txapela
Hasieran azkena ibili zen, Rekondo eta Mindegia aurretik aritu baitziren,baina bosgarrengoaren amaieran buruan jarri zen, eta gero ez zuen barkatu.
Mikel Larrañagak irabazi zuen Urrezko Aizkorako Kopako finala. Amaieran minutu eta erdiko aldea atera zion bigarrenari. Hiru aizkolari ziren txapelaren lehian, eta bakoitzak bi 45 ontzako eta 14 kana-erdiko erdibitu zituen.
Larrañagak lortu zuen garaipena, baina azpeitiarrak ezin izan zuen neurketa lan erdietara arte kontrolatu. Ordura arte gauzak estu joan ziren, baina behin aurretik jartzea lortu zuenean, primeran kudeatu zuen saioa.
Mieltxo Mindegia oso azkar hasi zen, eta berak bota zuen aurreneko enborra, Rekondori segundo bat ateraz, eta atzetik txapela jantzi zuen Larrañaga hirugarrena zen, 21 segundora. Bigarren enborrean Rekondo jarri zen lehenengo, Mindegiari 23 segundoko aldea ateraz, eta azpeitiarrari, berriz, 25ekoa.
Leitzakoa zuloak irekitzen hasi zen, eta jendeak irabaz zezakeela uste zuen, baina lan luzea geratzen zen. Hirugarrenean alde hori handitu egin zuen Rekondok, eta 24 segundoko abantaila zeramakion Mindegiari eta 33koa Larrañagari.
Hortik aurrera hasi zen gipuzkoarraren erreakzioa. Laugarren enborrean ere Rekondok jarraitzen zuen aurreneko postuan, baina ordurako Larrañagak Mindegia gaindituta zeukan, eta gipuzkoarrak aurrera jarraitu zuen, bosgarren enborrerako lehen postua eskuratuz, nahiz eta bi segundoko aldea bakarrik zeukan Rekondorekin.
Hortik aurrera, txapela jantzi zuen aizkolariak hor jarraitu zuen, aginduz, eta lan erdietan minutu erdi bat ateratzen zion Rekondori, eta ia bi minutu Mindegiari. Ondorengoetan ez zuen barkatu Larrañagak eta beretzat izan zen txapela. Amaieran, lan guztiak burutu ahal izateko, 37 minutu eta 28 segundo behar izan zituen Mikel Larrañagak. 39 minutu eta 10 segundo Jon Rekondok, eta 41 minutu eta 31 segundo, berriz, Mieltxo Mindegiak.
Harri jasotzeko Gabonetako Kopako finala, berriz, Mikel Lopetegik irabazi zuen, eta erabateko nagusitasunez jantzi zuen txapela zarauztar gazteak. Bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola jaso behar izan zituen, eta eta guztiek 100 kiloko pisua zuten. Bakoitzarekin lanerako, berriz, bina minutuko txandak izan zituzten.
Lopetegi lehen bi harriekin jaun eta jabe izan zen, eta saioa ia erabakita utzi zuen. Zilindro zaharrarekin abiatu zen finala, eta 31 jasoaldi eman zizkion, biko aldea ateraz Urruzunori, eta seikoa Peñagarikanori. Ondoren kubikoa izan zuten lanerako, eta hor ere txapela jantzi zuen kirolariak ez zuen barkatu, bere harririk gustukoenetakoa baita kubikoa. 21 jasoaldi eman zizkion; 19, berriz, Peñagarikanok eta 16, Urruzunok. Harri bakarra geratzen zen norgehiagoka amaitzeko, eta Lopetegik alde handia zuen gainerakoekiko. Bolarekin, Peñagarikano izan zen azkarrena, 25 jasoaldi emanez. 23 eman zizkion Lopetegik, eta 20 Urruzunok. Denera, Lopetegik 75 jasoaldi egitea lortu zuen; 70 egin zituen Peñagarikanok, eta 64, Inhar Urruzunok.
100 kiloko txingekin, Dramek, 3 plaza eta 6,15 metro egin zituen.