08 ENE. 2018 Aizkora Iraupen probak erabaki du Otaegik eta Mugertza II.ak irabazi zuten Binakako aurreneko saioa, Otaño eta Lopez mendean hartuta. Jon LEUNDA Urrezko Aizkora, bai gizonezkoen Binakakoa, bai emakumezkoen Buruz Burukoa, baita harri-jasotzaileen Bakarkakoa ere, iragarritakoa baino egun bat beranduago hasi da. Lehen jardunaldia herenegun zen jokatzekoa Elorrioko Gazeta auzoan, baina eguraldiak ez zuen batere lagundu eta jokatzea ezinezkoa zenez, bertan behera geratu zen aurreneko jardunaldi hori, eta beste egun batean jokatu beharko da. Atzo bai, Debako pilotalekuan arazorik gabe jokatu zen dena. Mutilen Binakakoan, Mugertza II.a eta Otaegi atera ziren irabazle, mendean hartu baitzituzten Eneko Otaño eta Juanjo Lopez. Saio hau iraupen proban erabaki zen. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta Otaño eta Lopez izan ziren proba hau irabazi zutenak, enborra 27 kolpetan erdibitu ostean, aurkariei bost kolpeko aldea ateraz. Bigarren lanean, bikote bakoitzak erlojuz kontra 45 ontzakoa ebaki behar izan zuen, eta Beizamakoak eta Lezaungoak aldea handitu egin zuten, lana 40 segundoan burutu baitzuten, gipuzkoarrei beste lau segundo sartuz. Hirugarren lanean, ordea, Otaegik eta Mugertzak aurka zuten alde guztia irauli zuten, zutik jarritako kana-erdikoa 2 minutu eta 5 segundoan bota baitzuten, eta 20 segundoko aldea lortu zuten, 11 segundo aurretik jarriz. Laugarren lanean, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta Mutrikukoak eta Zizurkilgoak irabazi zuten, aldea handituz. 2 minutu eta 3 segundo behar izan zituzten lanak burutzeko eta zazpi segundoko abantaila lortu zuten. Bosgarren lanean, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten, eta hori Otañok eta Lopezek irabazi zuten, lana 2 minutu eta 18 segundoan amaituz eta aurkariei bosteko aldea ateraz. Lan bakarra falta zen dena amaitzeko, eta Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza aurretik ziren, baina aldea ez zen ikaragarria, bi bikoteen artean 12 segundoko tartea besterik ez baitzegoen. Azkeneko lanean, bakoitzak sei 60 ontzako ebaki behar izan zituen, eta hori Otaegik eta Mugertzak irabazi zuten. Lanak, 13 minutu eta 2 segundoan amaitu zituzten, eta 13 minutu eta 40 segundoan, aurkariek. Lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 49 segundo behar izan zituzten Otaegik eta Mugertza II.ak eta 21 minutu eta 40 segundo, aldiz, Otañok eta Lopezek. Ondorioz, lehen puntua eraman zuten Otaegik eta Mugertzak, eta aurrerapauso handia eman dute Mutrikuko eta Zizurkilgo bi aizkolariek.