GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Lanbertek eman du Buruz Burukoko aurreneko ezustea


Ximun Lanbertek eman du Berezkoen Buruz Burukoko lehen ezustea, Gixandut txapelketatik kanpo utziz. Finalerdietako ligaxkan sartzeko faboritoetako bat zen Gixandut, baina hemendik aurrera harmailetatik jarraitu beharko du Txapelketa.

Ximun Lanbert hasieratik hasi zen agintzen eta zuloa egiten. Gixandut berehala ikusi zen ezinean, eta horrelakoetan buruak lan asko egiten du, eta Gixandut atzean geratzen hasten baldin bada, lanak izaten ditu horri buelta ematen, eta azkenean garaipenak ihes egin zion.

Lanbert une oro aurretik aritu zen, eta lasaitasun horrekin jokatu zuen. Bera ere berehala konturatu zen aurkaria ezinean zebilela, eta konfiantza handiarekin jokatu zuen, amaieran 40 eta 28 irabazi ahal izateko. 54 minutu iraun zuen norgehiagoka honek.

Aurretik Bigarren Mailako kanporaketa ere jokatu zen, eta oso norgehiagoka ona izan zen. Bertan Lukuk 40 eta 35 hartu zuen mendean Cubiat, 75 minutu iraun zuen partidan. Luku oso indartsu abiatu zen, eta neurketaren hasieran egindako zuloa erabakigarria izan zen.

Cubiat erreakzionatzen hasi zenerako, alde dezentea zegoen markagailuan, eta hortik aurrera Lukuk ongi kudeatu zuen partida. Kanporaketa bera oso ona izan zen, eta Donibane Garaziko Garat trinketera joan ziren zaleek gozatu ederra hartu zuten, bi pilotariek eman baitzuten maila ona. Sakearekin ere biak oso ongi moldatu ziren, irabazleak 9 kintze egin baitzituen hasierako jokaldiari esker, eta Cubiatek, berriz, 10, nahiz eta horrek ez zion irabazteko balio izan. Hurrengo jardunaldia ostiralean abiatuko da Arrangoitzen, eta Larralde eta Ezkurra arituko dira.