GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Motxilak


Bidaiatzeko edo norabait joateko beharrezkoak diren gauzak sartzeko erabiltzen ditugu bizkar zorroak. Zentzu metaforikoan ere erabiltzen dira motxilak eta bertan sartzen ditugu geure amets, beldur, kezka, galdera, iragan, poz eta tristurak ere. Batzuetan astunagoak egiten dira, besteetan arinagoak. Batzuk handiagoak dira, besteak txikiagoak. Motxila nork bere bizkarrean eraman beharrekoa da eta hala egiten dute Euskal Herriko 113 haur eta nerabek ere. Bizi duten injustizia berbera da, baina bakoitzak bere erara bizi du, bere erara eraman eta jasaten du distantzia, bakardadea, gurasoen galeraren kezka, antsietatea, estresa eta haserrea. Zigor erantsiaren haserrea. Nerabezaroan hasten baitira hitzak ipintzen sentimendu eta egoera ezberdinei. Beren gurasoen deserriratze eta sakabanaketa zigor gehigarri modura bizi baitute haur motxiladunek.

Talka erabatekoa da, apurka errealitateaz jabetu eta ahal den modura egin behar dute aurrera. Ez dute egoera hau aukeratu, bortxaz etorri zaie gainera eta zalantzen, sentimendu kontrajarrien, ausentzien eta ezin ulertuen erruz astunagoa egiten zaie bizkarrean daramaten motxila hori.

Sufrimenduaren beste aurpegi bat da haur motxiladunena.

Haurtzaro zoriontsua baina antsietate handikoa gogoratzen du Olatz Iglesias Mujikak. Aita ikusteko aukeratu beharragatik beste gauza askori uko egin behar izana aipatzen du Ekai Prietok. Haur motxiladunak ez dira gurasoekin bizi, hauek ez dute beraien eguneroko joan-etorrien berri, ez daude beraien ondoan bizitzako momenturik garrantzitsuenetan.

Urruntze eta bakartze politikak eragin zuzena du haur eta nerabe hauen izaeran, portaeran. Gatazka guztietako lehen galtzaileak dira. Batzuetan arrastaka daramaten motxila astun hori bazterrean uzteko garaia da. Haur motxiladunen amets gordeak zainduz poliki baina badatorren etorkizun horretan aita eta ama etxean nahi dituzte.

Lapurtutako haurtzaroa ezingo diegu itzuli, baina gurasoak itzultzen ahal dizkiegu.