GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
ARANTXA ITURBE
KAZETARI ETA IDAZLEA

«Gehienok daukagu momentu batean arantza bat pentsatzen dugunean ‘eta hau egin izan banu?’»

Bere inguruari –eta buruari– begiratu dio Arantxa Iturbek (Alegia, 1964) ironiaren bisaiaz marraztu dituen 29 ipuinetan. «Honetara ezkero» (Susa) daude bere lan berriko protagonistak, bizirik dauden arima hilak, haien ageriko miseria eta egoera patetikoen jabe, aurrera begira jarrita.


Isiltasunak maite ditu Arantxa Iturbek, bere liburuko protagonistak maite dituen adina. Deserosotasunetik harago doazen isil pausoak, isiluneak, bizitzari zer gehiago eska dakiokeen lagunen bueltan. Umore beltza, ironiarena da bere eremu bitala, hitz gutxiko literatura. Esanahi askokoa. Zuzena. Bizia. Patetikoa. Baina ederra.

Bonsaiekin alderatu izan dituzu zure ipuinak, haiek mozten eta «torturatzen» aritu zara. Zenbat disfrutatu duzu lan hau egiten?

Ikaragarri. Ez dakit kopururik jartzen, baina sekula ez bezala ziur asko. Beti izan naiz arnasa laburrekoa kontaketan. Kontatzen hasi eta ez dit gogorik ematen gehiago kontatzeko. Baina kasu honetan egiatan aritu naiz laburrean kontatutakoa gehiago laburtzen, eta kimatzen, eta ahal den guztia ez esaten. Ahalegin ikaragarria egin dut.

Bonsaiena Jakoba Errekondori omenaldi bat zen, beti esaten duelako bonsaiak garatzea tortura modu bat zela arbolarentzat. Oso simil polita iruditu zitzaidan. Hazia bota ipuin bat egiteko, hazarazi arbola, eta gero hazteko gogoa daukanean sustraiak moztu, kimatu eta berriz kimatu. Eta gainera bonsaietan arte horren ezaugarritako bat omen da zuk nahi duzun forma ematea arbolari. Oso onak direnek hori lortzen omen dute. Eta ipuinekin hori egin dut azkenean. Nik nahi dudan forma eman, ez utzi adar bati nahi duen tokitik joaten, baizik ekarrarazi, bildu.

Esan duzu kimatzen aritu zarela. Idazle sintetikotzat duzu zeure burua?

Sintetikoa? Zer esan nahi du sintetikoak?

Motzean motz. Bada ariketa bat guztietan ikusten dena, gauza gutxirekin asko esatea. «Kezkatuta da bere egoera zibila», diozu, adibidez.

Esaldi guztiak pentsatuta daude, ezer ez da gratuitoa. Sentsazioa daukat jendeari iruditzen zaiola askoz errazagoa dela ipuin bat hasi eta laburrean egitea. Hasiko banintz ipuin hauek luzatzen kasik nobela bat aterako litzaidake bakoitzetik, baina ez zait hori interesatzen. Interesatzen zait momentu batean, printza batean, anekdota batean kasik kontatu pertsona bat nolakoa den, zer egin duen eta zer egiteko gai den. Anekdota hitza ere askotan oso zentzu peioratiboan erabiltzen da. Bizitza dena da anekdota, anekdota gertakizun bat da, eta batzuek ez daukate batere garrantzirik eta beste batzuek bizitza osoa marka diezazukete. Ez nago anekdotak kontatzearen kontra, gertakizunen zalea naiz, gertakizun laburren zalea naiz.

Esan daiteke bizitzen autopsiak egin dituzula?

Bai eta ez. Bizitzen autopsiak egin izan banitu hilda dauden pertsonaz beteta egongo litzateke liburua. Igual bada bizitzan hilda dauden pertsona pila baten autopsia. Pertsonaietako asko daude ‘honetara ezkero’, eta ‘honetara ezkero’ egotea bada hilda egotea bizitzan. Eta orain filosofatzen hasiko naiz… Badaukat inpresioa adin batetik aurrera badirudiela egin beharreko guztia egin duzula, edo ez badaukazu egina ez daukazula egiteko aukerarik. ‘Hemen gaude, ez gaude gaizki-gaizki ere eta…’ Kontsolamendu triste hori. Eta egoera horretan dauden pertsonaia pila bat dago liburuan.

Pertsonaien miseriak edo alde ilunak ateratzen dituzu. Gustatzen zait.

Alde ilunak?

Bai, zertarako gai garen. Agian politikoki zuzenegia den gizarte batean bizi gara, iruditzen zaigu gure ondokoa edo geure burua ere ongizate batean bizi dela baina gai gara edozer gauza egiteko.

Nik asko sumatzen dut hori inguruan. Jendeak ez edukitzea gogorik edo indarrik edo ahalmenik urrats bat aurrera emateko, urrats horrek aldaketa baldin badakar. Aldaketak beldurra ematen digu, ez bakarrik harreman pertsonaletan, edozein harremanetan. Aldaketak beldurra ematen digu aldaketa beti delako daukazun hori uztea eta beste bide bati heltzea. Belaunaldi berriek ez dakit zorte hori izango duten, baina besteok daramagu 30 urte lanbide bertsuan, 30 urte lagun bertsuekin, 30 urte bikote harreman bertsuekin. Egiatan hasten zara jendearekin hizketan eta jabetzen zara gehienok daukagula momentu batean arantza bat pentsatzen dugunean ‘eta hau egin izan banu?’. Oso jende gutxik ematen du pauso hori. Oso miserableak gara zentzu horretan, oso humanoak bestalde. Honaino iritsi naiz, eroso nago, hobe ez pentsatzen jartzea, entretenituko naiz, ezagutzen dut nire burua eta bidexka horretan egingo dut bidea. Oso patetikoa iruditzen zait, baina sektore horretan nago, eta doble patetikoa iruditzen zait.

Patetikotasun hori umore beltzetik lantzen duzu, oso tonu ironikoan.

Salbatzeko modu bakarra da. Edo tonu errealista erabatekoa hartu eta ezker-eskuin eman, edo umore beltzarekin salbatu bai pertsonaiak eta bai zeure burua ere.

Eroso sentitzen zara tonu horretan idazten.

Oso. Nire tonu naturala da, ez bakarrik idazten. Praktikatzen dut ironia. Eta gainera grazia handia egiten dit jabetzeak jende asko dagoela ez duena ironia ulertzen. Oso pertsona ironikoa naiz, hori da aurkitu dudan salbabidasa bizitzan. Ez nuke zinikoa izan nahi, baina esango nuke muga-mugan nagoela. Saiatuko naiz ez izaten, zeren zinikoa izatea da ironikoa izatea baina mingarri bihurtuta besteekiko. Ez nuke mingarri izan nahi baina nahi gabe ateratzen zait ironia bizitza errealean. Idazterako orduan zeresanik ez.

Esan dugu ipuinak laburrak direla. Behar ez dena kendu egin duzu. Dena. Ez dago paisaiarik, ezta izenik ere.

Eta tokiak ere apenas. Saiatu nintzen izenekin idazten, baina gero hasi nintzen kentzen eta handik aurrera idatzitakoetan ez nuen izenik erabiltzen. Ipuin pare batean sartu nituen izenak ezinbesteko nituelako, baina biko harremanak direnean adibidez oso erraz egiten da. Izenak ikaragarri markatzen du irakurlearen pertzepzioa. Hori ebitatu nahi nuen. Biren arteko hartu-emanek mapetatik kanpo oso ondo funtzionatzen dute eta paisaietatik kanpo askoz hobeto. Ez dut entretenitu nahi leihotik zer ikusten den kontatzen, benetan inporta zaidana leiho horren ondoan dauden bi pertsonen artean gertatzen dena baldin bada. Pertsonen funtsera joan nahi nuen, ez zitzaidan hainbeste inporta non dauden, ze egoeratan. Irakurleak jarri behar die aurpegia, ahotsa. Irudimenetik asko jarri behar du. Jolas egin dut, idazketa prozesu guztia pasa dut jolasean.

Emakumeen ahotsak nabarmentzen dira kontakizun askotan.

Gehiengoan esango nuke. Nik uste ipuin bakarra dagoela kontalaria gizonezkoa dena, 29tik.

Emakumeak, eta adina ere askotan aipatzen da.

Adin batetik aurrerakoak dira gehienak. Hori da nire mundua. Neska gazte patetiko bat ere badago. Ni eroso mundu horretan sentitzen naiz. Hori da ezagutzen dudana. Emakumeak eta adin batetik aurrerakoak. Eta uste dut zeresan handia dugula oraindik emakumeok eta adin batetik aurrerakook. Eta gustatzen zait gainera oraindik etorkizun bat daukatenak izatea. Terapiako amona bezala. Ipuina mutur batera eramanda dago. Ia ehun urte duen bikotea da. Eta erabaki dute honetara ezkero utzi eta aurrera egitea. Apartatzea hainbeste urte eta gero. Nik emakume hori ez dut ezagutzen baina oso gustura ezagutuko nuke. Badakit oso muturrera eramanda dagoela, baina jarri 70 urteko muga. Miresten ditut emakumeak 70 urterekin ez apartatu bakarrik, baizik bizitzan nahi dutena egiteko erabakia hartzen dutenak. Indar hori edukitzea gustatuko litzaidake.

Zentzu horretan muga asko zeharkatzen dira liburu honetan. Ia ehun urterekin banantzea erabakitzen duen bikotea edo urtebeteko bizitza duen bizilagunari ipurdia garbitzearen truke ezkondu eta bere ondasunen jabe egiteko gai dena.

Zer da ezkontza bat aldamenekoari ipurdia garbitzeko kontratua sinatzea ez bada? Oso muturrera eramandako pertsonaiak dira liburukoak, baina uste dut adierazten dutela izateko modu bat edo erabaki batzuk hartzeko modu bat. Maite ditut pertsonaia guztiak zentzu horretan.

Muturrera eramandako pertsonaiak, baina bizitza errealean gertatuko balira gogor kritikatuak izango liratekeenak.

Gaizki ikusiak izango liratekeenak. Zenbait gauza ez ditugu onartzen. Ez dugu onartzen adin bateko emakumeek beraien erabakiak hartzea bizitza ‘egina’ daukatenean. Zergatik ez dute bizitza ‘egina’ eduki arren berregiteko eskubidea edo gogoa izan behar? Hitz egiten dudanean badirudi gauzak oso garbi dauzkadala eta ez da hala…

Diskurtsoa ondo ikasita ekarriko zenuen…

[Barreak]. Gustatzen zait gauza hauetaz guztietaz filosofatzea baina ez daukat batere argi. Oso inpultsiboa naiz idazterakoan, ipuin hauetako asko nirekin egon dira urteetan, buruan darabilzkizu. Idazterakoan oso azkar idazten ditut. Eta teorizatzen ondoren hasten naiz. Ez naiz oso ona teorizatzen. Uste dut hobea naizela ipuinak laburrean kontatzen gero horien gainean teoria bat eraikitzen baino.

Irratian ari zarenean askotan mantentzen dituzu elkarrizketatuarekin isiltasunak. Liburu honetan ere isiltasun asko dago.

Irratian sortu dugu nolabaiteko irudipen bat; badirudi elkarrizketan ari garenean beti ari garela gauza okurrenteak esaten, galderak egiten, erantzuten. Eta bizitzan %90ean aritzen gara galderak egin eta erantzunik jaso gabe edo pentsatu gabeko erantzunak ematen. Erabat irreala da denok hizketan, gauza interesanteei buruz aritzea, nire inguruan behintzat. Irratiko elkarrizketa batean ere saiatzen naiz batzuetan apropos egoera hori sortzen. Isiltasunak ikaragarri esan nahi du. Imajinatu parekoari galdetzen badiozu ‘maite al nauzu?’ eta hura isilik geratzen baldin bada. Eta hori gertatzen zaigu bizitzan. Esanahi eta interpretazio asko eduki ditzake isiltasunak. Isiltasuna ez da beti deserosoa.

Irakurleren batek esango zizun dagoeneko ipuinen batekin identifikatua sentitu dela.

Bai. Azken batean, ez dira asmatuak. Ez dut uste ipuin bakar bat dagoenik gerta ezin litekeenik. Eszenatxo asko daude batean ez bada bestean identifikatzeko. Eta hor dago ipuinen grazia, zeure burua topatzea esaldiren batean edo egoeraren batean.

Idazteko ze ohitura izaten duzu?

Hauek oso hilabete gutxitan idatzi nituen. De repente furia bat sartu eta oso denbora gutxian. Baina ipuinok urteak daramatzate nirekin, buruan. Ez dira bat-bateko okurrentziak. Asko gustatzen zait gauetan idaztea, mundua isildu egiten delako erabat. Badut etxean lanerako gela bat eta goizaldeko orduetan ez da ezer entzuten bizilagun gorren baten telebista ez bada. Oso gustura aritzen naiz, nekeak harrapatzen nauen arte.