15 ENE. 2018 HIMALAIA Errusiar sokada batek Phungi Peak-en lehena egin du Iragan urrian, Alexey Lochinsky-k eta Yuri Koshelenkok seimilakoaren hego-ekialdeko horman bide zuzen eta gogorra zabaldu zuten. Última actualización: 15 ENE. 2018 - 06:50h Andoni ARABAOLAZA Alexey Lochinsky eta Yuri Koshelenko errusiarrek kilate askoko sokada osatzen dute. Horren inguruan ez dago eztabaidarik. Biek ala biek munduko hainbat mendilerrotan goi mailako jarduerak sinatu dituzte, eta horietako batzuek, gainera, saria izan dute. Ez Errusian soilik. Frantziako Urrezko Pioleta sari entzutetsuetan, adibidez, protagonismoa izan dute. Horrekin esan nahi dugu biek ala biek sari preziatu bana jaso dutela. Lochinskyk duela hiru urte urrezko piolet hori altxatu zuen, Alexander Gukov-ekin Thamserku mendiaren hego aurpegian zabaldutako bideagatik. Koshelenko, berriz, bere kidea baino askoz beteranoagoa da, eta 2005. urtean aitortza bera jaso zuen, Valery Babanov-ekin batera Eki Nuptse mendiaren hego zutoina lehen aldiz eskalatzeagatik. Curriculum horrekin ez gaitu harritzen eskarmentu handiko sokada horrek indarrak batzen dituenean emaitza bikaina lortzeak. Eta hori gertatu da Lochinsky eta Koshelenkok iragan udazkenean Nepalgo Himalaian eginiko espedizioarekin. Errusiarrek ez zuten mendi oso garai bat aukeratu. Seimilako bat “soilik”: Phungi Peak (6.538 m). Ziur aski, mendi horren izenak ez du askorik adierazten. Eta ulertzekoa da; izan ere, igo gabe zegoen. Lerrootako protagonistok seimilakoaren lehen igoera eskuratu nahian zebiltzan, eta emaitza biribiltzea lortu dute. Gainera, ez zuten bide eroso eta erraza hautatu. Phungi Peak-en hego-ekialdeko aurpegian marra zuzena eta gogorra eskalatu zuten. Errusiarrek alpinismoaren komunitateari aurkeztu dioten proposamenak 1.500 metroko desnibela eta errusiar eskaladan 6A zailtasuna du; gurean, ED da. Jarduera horretarako, alpinistok hiru egun behar izan zituzten igotzeko (urriaren 26tik 28ra) eta beste pare bat egun jaitsierarako. Koshelenkok aitortu du urteak zeramatzala seimilako horren atzetik: «Anatoliya Moshnikov kidearekin 2010. urtean bisitatu nuen eskualde hori. Urte horretan beste helburu bat nuen, baina, Phungi Peak ikusi ondoren, neure buruari esan nion hura eskalatzera itzuliko nintzela. Eta hala egin dut. Lehenik eta behin, aipatu behar dut mendi horrek baduela nolabaiteko indarra; erakargarria da oso. Karisma du, eta horrek geure bihotzaren taupadak azkartu zituen. Anatoly-k eta biok seimilakoaren hegoaldeko aurpegia aztertu genuen. Haren atzean ezkutatuta zegoena ikusi nahi genuen: Manasluren hego-mendebaldeko horma, Tulagiren mendebal murrua...». Izotza nagusi 5.100 metroko kotan girora egokitu ondoren, urriaren 26an sokada errusiarrak behin betiko saioa hasi zuen. Estilo arinean eta eguraldi onak lagunduta, oso estua zen korridore baten oinarrian bibaka antolatu zuten. Biharamunean, berriz, 20 luze eskalatu zituzten. Eta 28an, eguraldia erabat okertu bazen ere, gailurra erdietsi zuten. Baldintza gogor horiek ikusita, jaitsiera “eroso” baten alde egin zuten; hain zuzen ere, mendebal aurpegitik. Bidearen ezaugarriei dagokienez, Koshelenkok azpimarratu du izotza nagusi izan zela: «Izotz gogorrean lan eskerga egin behar izan genuen. Ia denbora guztia kranpoien aurreko hortzekin eskalatzera behartu gintuen. Balleteko dantzari batek bezala, oin puntetan dantzatzen ari ginen. Alabaina, eskalatu dugun bidea naturala eta ederra da oso. Berez, beste marra bat eskalatu nahi genuen, baina azken zazpi urteotan hego-ekialdeko aurpegiak aldaketa asko jasan ditu. Makina bat ordu egin genituen prismatikoekin murru hori aztertzen. Lehen igoera izan da, eta horrekin pozarren gaude. Eginiko jaitsiera ere azpimarratu nahiko genuke. Guretzat erabat ezezaguna zen. Izotz-jauzietatik jaitsi ginen, eta, gainera, eguraldi gaiztoak harrapatu gintuen. Hitz gutxitan esanda, gailurra zapaltzeko era ederrena, azkarrena eta agerikoena aukeratu genuen». Bidearen zailtasun teknikoei dagokienez, Koshelenkok onartu du bidearen giltza oso estua zen korridorean aurkitu zutela: «Lehen bibaka egin, eta korridorean sartu ginenean, bosgarren luzeak buruhausteak eman zizkigun. Luze tentea zen, eta izotza oso-oso gogorra. Ertzera iritsi baino lehen, beste korapilo batzuk askatu behar izan genituen. Lau luze ziren, guztiak ala guztiak oso tenteak, zailak eta arriskutsuak. Une batzuetan elur ezegonkorrarekin eta izotz hauskorrarekin egin genuen topo. Aseguruak jartzeko leku egokirik ez zegoen, eta una zailak bizi izan genituen. Hori gutxi balitz, ertzean ginela, ekaitzak bisita egin zigun. Hala eta guztiz ere, ertza harrapatu baino lehen, aurreko sekzio guztiak uniformeak izan ziren». Bestalde, alpinista errusiarrek onartu dute ez zutela estrategia eta taktika egoki bat zehazteko betarik izan: «Geure asmoa zen bide azkar, eder eta estetiko bat igotzea. Eta, jakina, agerikoa eta naturala. Hein handi batean, horixe zen geure estrategia. Taktika, berriz, prismatikoekin eginiko azterketaren ondoren etorri zen. Horrekin esan nahi dugu aldez aurretik balizko bibakak zehaztu genituela. Baina igoera batean gertatu ohi denez, ñabardurak izaten dira beti». Protagonistok bide eder eta agerikoa igo dutela baieztatu duten arren, arriskutsua ere badela gehitu dute: «Hego-ekialdeko aurpegia denez, eguzkiak ‘gaiztakeriak’ egiten ditu. Agertzen denean, izotz eta arroka asko askatzen da. Hasierako sekzioetan kontu handiz jardun genuen, eta, horregatik, taktika eraginkorrena ezartzea garrantzitsua izan zen oso. Oso goiz hasten ginen eskalatzen, eguzkiagatik. Iluntzerako babesean egon nahi genuen, mendiaren goialdetik arroka eta izotz puska asko erortzen zelako». Lochinsky eta Koshelekok Phungi Peak-en eginiko igoera Errusiako Urrezko Pioletaren zerrendan sartu zen. Alabaina, orrialdeotan jakinarazi genuenez, Asgardeko jarduerak jaso zuen saria. Azkenik, Koshelenkok esan du gustura dagoela Lochinkyrekin eginiko lanarekin: «Eskola berekoak gara, eta bikain ulertzen dugu elkar». LEHENAK Iragan urrian, Alexey Lochinsky eta Yuri Koshelenko errusiarrek Phungi Peak-en (6.538 m, Nepal) lehen igoera egin zuten. ZAILA Alpinistok hego-ekialdeko aurpegitik eskalatu zuten. Bide zuzen eta gogor hori 1.500 metro luze da, eta errusiar eskalan 6A zailtasuna du. BALDINTZAK Errusiarrek izotz oso gogorrari egin behar izan zioten aurre. Igoera egiteko hiru egun behar izan zituzten. Jaitsiera, berriz, mendebaldeko hormatik egin zuten.