Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Elkarrizketa (-rik eza)

Idatzizko komunikazioak leku asko jan dio ahozko elkarrizketari. Whatsapp-en eraginez, batez ere. Gero eta gehiago dira idatziz adierazten ditugunak. Jada arrunta bilakatu da lagun baten urtemugan idatziz zoriontzea. Taldeko kanalean, gainera.

Iduri du deitzeak gero eta ahalegin handiagoa eskatzen digula. Eta eztabaidak ere izaten dira idatziz. Eta harremanen hausturak, gazteagoen artean (batez ere). Idaztea erosoagoa bilakatzen ari da. Editatu baitaiteke, edo ezabatu. Idaztea kontrolagarriagoa baita, denbora errealean gertatzen den elkarrizketa bat baino. Baina idaztean ez dugu bestea ikusten. Ezta esaten ari garenarekin nola sentitzen den ere. AEBetako unibertsitateko gazteen artean, enpatiarako gaitasuna %40 murriztu omen da, azken 20 urteotan. Jakin nahi nuke Euskal Herrian zenbat eta nola eragin duen digitalizazioak gure harremanetan. Eta zein eragin izan duen maila indibidualean: bakarrik gauden ia une oro smartphonea ateratzen baitugu (bakarrik ez sentitzeko, ziur aski).

Ahozko elkarrizketari denbora gutxiago eskaintzen diogu, bai. Eta ditugun elkarrizketek etenaldiak izatera ere ohitzen ari gara. Eta beste kasu askotan smartphonean gertatzen ari denaren gainean izaten dugu elkarrizketa. Eta smartphonea mahaian dago, bistan. Emergentzia baten zain edo. Mezurik arruntena ere, ia emergentzia gisa tratatzen baitugu gaur egun. Mezua berehala erantzun behar baita. Edo deiak beti hartu.

Ikertzaile batzuek “hiruko erregela” deitzen diote: nahikoa da hiru pertsona elkarrizketan mantentzea, gainontzekoek pantailetara lasaitasunez begiratzeko. Baina elkarrizketa jada aldatu da. Edo ez da, bederen, izan zitekeena. Egungo bilera asko ere, ez dira izan zitezkeenak: arreta banatua baitago; banatua eta, une askotan, desbideratua.

Eta berez inoiz baino komunikatuago sentitzen gara. Inoiz baino konektatuago. Baina norekin? Pantailaren bestaldean dagoenarekin. Eta horregatik, era berean, inoiz baino deskonektatuago gaude, inoiz baino urrunago, gure ondoan daudenengandik.