22 ENE. 2018 sokatira Badaiotzek gertu dauka emakumezkoen denboraldiko lehen txapela J.L. Badaiotzek nesken 540 kiloko txapela lortzeko urrats garrantzitsua eman zuen, bigarren jardunaldian ere onenak izan baitziren Gasteizko tiralariak, lehen jardunaldian izan ziren bezalaxe. Arabarrek jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten. Bigarren sailkatu zen Gaztedi, hirugarren Ibarra eta eguneko sailkapena Lesakako Beti Gazte taldeak itxi zuen. Mutilen 640ko mailan, berriz, Gaztedi izan zen lehen jardunaldi honetako talderik onena. Bizkaitarren atzetik, Beti Gazte, Sokarri, Ibarra, Gabadi-Jutsi, Ñapurrak, Zuraide eta Abadiño sailkatu ziren. Giza proba Euskal Herriko Giza Proba Txapelketa Mikel Altzolak irabazi zuen berriro ere. Bizkaitarrak, 3 plaza, 1/2 eta 6,27 metroko marka egin zuen. Bigarren postuan sailkatu zen Gotzon Abasolo eta hirugarren Gorka de la Concepcion. 85 kilo baino gutxiago pisatzen duten kirolarien artean onena, Eneko Bilbao izan zen. 2 plaza eta 3,35 metroko marka egin zuen.