Maider Iantzi
Kazetaria
IKUSMIRA

Pentsatu planeta gisa

Estali begiak eskuekin, eta irudikatu nolakoa izanen den zure bizitza hemendik hamar urtera. Hemendik hamabost urtera. Hogei urtera... Oraindik aditzen didazu? Bizi daiteke jaio zinen herrian?

Listo. Begira dezakezu. Marmokak ikusten dituzu zure aitzinean igerian. Hain sinpleak, hain gardenak... Beren urdaila ere beha dezakezu arreta jarriz gero. Zentzurik gabe egiten dute igeri, inertzia hutsez. Ez dute bizi proiekturik. Zeinek iraunen du belaunaldiz belaunaldi, zein egokituko da hobeki aldaketetara, zu, pentsatzeko gaitasuna duzun pertsona hori, hala izaki ezdeus horiek?

Zenbat eta beroago, orduan eta marmoka gehiago. Gero eta marmoka gehiago dago gure kostaldeetan.

Timothy Morton lehenbiziko Etorkizun ministroak dioen bezala, amildegi bat dago nire ni ttikiaren eta giza espeziearen parte den niaren artean. «Nire ni ttikiak, astelehen goizean kotxea martxan jartzean, ez luke inondik inora errudun sentitu behar, ez naizelako ni mundua berotzearen erantzulea. Nire ekintza hutsala da estatistikoki. Hala ere, giza espeziearen kide gisa, berotze globalaren eragile naiz zalantzarik gabe». Planetaren oinordekoak, pertsonak eta pertsonak ez direnak, oraindik ahotsik eta botorik ez dutenak ordezkatzera datorren Etorkizunaren ministroak defendatzen duenez, «gu» nola erran hausnartu behar dugu, pertsonak garelako, ez marmokak, mundua berotzearen arduradunak.

Zure DNAren erdia ez da gizatiarra. Oroitu marmoka bat bezala sentitzeaz ozeanoan. Pentsatu planeta gisa. Orduan dena aldatuko da. CCCBko “Después del fin del mundo” erakusketaren gonbita da.