GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
NEREA ARRIEN
BIOKIMIKARIA ETA IDAZLEA

«Ez dakit sare sozialak inkomunikaziorako bide bilakatzen ari ez ote diren»

Orain hiru urte Lizardi saria eskuratu zuen «Pentsatzeko txokoa» (Erein) liburuagatik eta, iaz, Gabriel Aresti sariko accesita «Matrioska» narrazioagatik. «Hirutter» (Erein), helduentzat idatzi duen lehen eleberrian, sare sozialak eta intimitatea jarri ditu aurrez aurre.


Sare sozialen bidez partekatzen den bideo sexual batek irekitzen du “Hirutter”, Nerea Arrienen (Lekeitio, 1976) lehen eleberria. Martin, Gari eta Inesek osatzen duten triangeluak sare sozialez eta gizarte garaikideak horiez egiten duen erabileraz mintzatzeko parada eman dio Arrieni baina, batez ere, intimitateaz hitz egin nahi izan du. Intimotasunaren mugaz, baita intimitateak mozorrotzeko erez ere.

Azalak ematen du pistarik edukiaz: hiru oin pare izara artetik agertzen, horietako bat aparteago, eta «Hirutter» izenburua.

Azalarekin kontrastea egiten du barruan dagoenak. Berez intimitateari buruzko nobela bat da, baina dualitate asko daude kontakizunean. Gaia intimitatea da baina intimitate hori mozorrotzeko erak ere azaltzen dira, estereotipoak, eta horregatik jo nuen sare sozialetara. Nobelan leku berezia dute sare sozialek, niretzako estereotipoaren totema direlako; hortxe denok gara listoenak, guapoenak, politikoki zuzenenak eta hortik hartzen dugu izaera dual hori.

Azalarena argitaletxearen kontua izan da, baina, hartzen baduzu izenburua, “Hirutter”, hain hotza, hain robotikoa edo inpertsonala izatea nahi nuen nobelak berak ere itxura hori izan zezan nahi nuelako: kanpotik hotza izatea, estereotipoen kutsu hori edukitzea, eta barruan topatzea zerbait intimoa. Funtsean, intimitateari buruzko nobela intimo bat da [barreak].

Nobela esaldi iradokitzaile batekin irekitzen duzu: «Sare sozialak pertsonen kontrako minaz jositako su-zelaiak dira».

Nire ustez, sare sozialak saltzen dira komunikazioaren aldarri bezala, eta azkenean ez dakit ez ote diren ari inkomunikatzeko bide bilakatzen. Orain gutxi zendu zen filosofo batek, Zygmunt Baumanek, esaten zuen gure belaunaldikoak direla etengabeko kontaktuan dauden bakarlariak, eta nik uste dut horretan bilakatzen ari garela. Adibidez, despertsonalizazio izugarria dakar sare sozialen kontu honek, azkenean ez dakizu nor dagoen atzean, eta afektua ere emoti-afektu bilakatu da… Kontaktu fisiko hori galtzen ari da. Heldu gara maitasuna emotikono batez adieraztera. Azkenean, tranpa bat bezala da: paradoxa sozial bat bezala saltzen da, izaki sozialaren paradoxa bezala.

Nola bizi dute errealitate hori eleberriko protagonistek, Ines, Gari eta Martinek, beren arteko harremanetan?

Trama bera abiatzen da emotikono baten ondorioz sortzen den etxekalte batetik, konfusio batetik, aipatu dizudan inkomunikazio hori hasieratik agerian jarri nahi nuelako.

Beraiek sareak mozorro bezala erabiltzen dituzte, ez diren hori azaltzeko; beraiek badaukate alderdi bat, intimitate bat, lotsa edo pudorea ematen diena. Tramaren hasieran, adibidez, bideo sexual bat partekatzen da eta badirudi hori dela pudore gehien sor diezagukeena, gure bizitza pribatuaren atalak agerian geratzea, baina Inesi errutinarekin lotuago dauden bere bizitza pribatuko beste gauza batzuek ematen diote pudore gehiago. Orduan, berak oskol bat eraikitzen du, estereotipo bat, eta ez Inesek bakarrik, beste biek ere eraikitzen dituzte euren estereotipoak eta horiek bat egiten dute sare sozialetan duten identitatearekin.

Norbere bizitza pribatua, nahita edo nahi gabe, agerrarazteko dugun joeraz eta horrek dituen eraginez ere aritu zara.

Gure bizilagunen inkisidore bilakatzen ari garelako. Sare sozialek ere badute beste alde hori. Besteen bizitzan kuxkuxeatzen ibiltzen gara eta gero salaketa jartzen dugu sare sozialetan... Iruditzen zait gaur egungo sorgin erretzeak sare sozialetan egiten direla, Facebook eta Twitter direla garaiko plazak eta pospoloak sakelakoaren botoiak, baina inork ez daki nortzuk diren plazan begira dauden horiek. Izatez, horregatik eraiki nuen Inesen pertsonaia ere: Ines epaitua izango da, eta epaiketa hori da nobelaren ardatza.

Duela gutxi Erroman neska batek bere buruaz beste egin zuen halako kontu batengatik, bere bideo sexual bat agertu zelako sarean eta izugarrizko entzutea izan zuen, horrenbeste non azkenean neskak bere buruaz beste egin zuen. Notizia hori irakurrita piztu zitzaidan txipa, azkenean daukagun bizitza on/off line horren muga ea non ote dagoen ikertu nahi nuen. Muga hori zehazteko nahia ere badago eleberrian.

Hausnartzen dugu sare sozialez egiten dugun erabilera horretaz eta horrek gerora ekar ditzakeen ondorioez?

Nik uste dut ezetz. Eskuetatik joaten ari zaigun zerbait dela. Ze, adibidez, lagun batekin whatsappeatzen ari bazara agian ez da ezer pasako, baina, nobelan gertatzen den moduan, hiruki birtual bat sortzen da eta hiruko hori lauki bilaka daiteke, pentagono gero, eta, ustekabean, poligono erraldoi infinitu bat sortzen da eta hor jada egoerak eskuetatik ihes egiten digu. Hori da sare sozialen arriskua. Intimitatea non dago? Bikotean? Hirukotean? Noiz galtzen da intimitatea? Noiz hasten zaigu poligonoa eskuetatik ihes egiten? Egia da beti existitu dela aho-belarri kontu hori, baina, gaur bezala, globalizazioaren garaian har dezakeen magnitudearen bestekorik, ez dut uste.

Eleberria egituratzeko erabili duzun estiloak ere sare sozialei egiten die keinu: kapitulu laburrak dira, badaude emotikonoak, profilak, esaldi solteak...

Estiloan ere lehen aipatu dizudan dualitate hori lortu nahi izan dut. Badago dualitatea estereotipoen eta intimitatearen artean, baita ezkutaketa jolasean eta konfesioetan ere, eta estiloan ere dualitate horren bila joan behar nuela uste nuen. Alde batetik, Twitter-eko hari baten gisara egituratu nahi izan dut eleberria: kapitulu bat, txio bat. Hitz gutxitan asko esateko nahi hori badago eta horregatik dira kapituluak horren motzak. Horrek arintasuna ematen dio nobelari, baina aldi berean badu hondoratzen doan berun gisako bat, nobelari sakontasuna eta, beraz, bilatzen nuen dualitate hori ematen diona: pertsonaiak hirukoaren inguruan dabiltza une oro, ur ustel kutsuko atmosfera bat badago, euren intimitatean sartzen goaz, ñabarduretan, eta horrek sakontasuna ematen dio nobelari.

Zati «amableak» kentzen ahalegin berezia egin duzula esan zenuen aurkezpenean.

Pertsonaiak egituratzen hasi nintzenean erabaki nuen irudikatzen nituen moduan emango nituela, eta idazten nindoan neurrian konturatu nintzen une batzuetan enpagua ematen zidatela, oso matxistak, zitalak eta gezurtiak direlako. Estereotipoetan mugitzen dira, faltsukerietan, eta maskara hori agertzeak kentzen die amabilitatea. Baina, aldi berean, behar nuen amu bat bukaerara heltzeko eta amu hori izan da pertsonaien gizatasuna, azken finean badutelako gizatasuna. Eta, hor ere, dualitate bat badago. Uste dut denok garela konplexuak, izan gaitezkeela zitalak eta faltsuak ere, denok esaten ditugula gezurrak. Nobela estereotipoen barruan mugitzen da eta azalkeria hori ez da batere amablea.

Helduentzat egiten duzun lehen liburua bada ere, ibilia zara literaturaren munduan. Ze bide jorratzeko asmoa duzu?

Egia esan, terapia modura idazten dut, beste batzuk korrika egitera joaten diren bezala. Homeopatia bezala, tantatxoaren partez ehun karaktere egunean [barreak]. Banabil idazten, udaberrirako gaztetxoentzako beste liburu bat ateratzeko asmoa dut eta nobela grafiko batekin ere banabil lanean... Epe luzera helduentzat beste nobela bat idaztea gustatuko litzaidake, adibidez, asko gustatuko litzaidake amatasunaren gaineko zerbait idaztea. Baina, badakizu, idaztea pasioz egiten den zerbait da.