GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Rajoyren irakaspen magistrala


Bai, Rajoy eta irakaspen magistrala esaldi berean elkarturik! Harrigarria, menturaz, baina bene-benetakoa. Irrati batean gertatu zen, emakume eta gizonen soldaten arteko ezberdintasunaz galdetu zioten eta, hara, Rajoyk estatu neoliberalaren teorizazio zorrotz, sakon eta argia egin zuen: «Ez gaitezen hor sar!». Magistrala da, zinez. Bada jendea liburu mardulak idatzi dituena gauzak hain era gardenean adieraztea lortu gabe. XXI. mendeko «laissez faire» filosofia, europar periferia hegoaldetarreko estatu baten ikuspegitik. Emakumeek lan bera eginaz soldata ttikiagoa dute gizonek baino? Hori ez da estatuaren kontua, hobe horretan eskua ez sartzea. Horiek merkatuaren aferak dira, eta jakina da merkatuak ederki konpontzen dituela, berez, halako auziak. Estatuak eragin nahi izatea, gainera, kaltegarria izan daiteke. Edonola ere, poliki-poliki eta arreta handiz ibili behar da halakoetan. Rajoyk zentzu komun neoliberala sintetizatu zuen maisuen modura, bere asmoa galdera zail bati ihes egitea besterik ez bazen ere.

Argi dago berdintasuna bermatzea ez dela estatu neoliberalaren eginbeharra, hori Rajoyk aitortu aurretik ere bagenekien. Aitzitik, ezberdintasuna ekoizten du etengabean, emankorra baitzaio. Baina, hain era garbian adieraztea argigarria da oso, independentzia egitasmoen aitzin espainiar Estatuaren batasuna defendatzeko argudio nagusietako bat baita hiritarren berdintasuna bermatzea. Rajoyk berak berdintasuna aipatu du 155. artikuluaren ezarpena, hau da, Kataluniako instituzioen indargabetzea, zilegitzeko. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna babestea ez da estatuaren betebeharra; Madril eta Mataroko herritarren arteko berdintasuna bermatu nahia, berriz, jendeak aukeratutako ordezkariak preso sartzeko arrazoia da. Berdintasuna espainiar erara, to!

Bestalde, argigarria da kontu honetan atzematen den «nazio», «genero» eta «jendarte» auzien gurutzaketa, batzuek bereizirik agerrarazi nahi dituztenak. Honetan ere Rajoyk fragmentazioaren logikari aurre egiteko irakaspen magistrala eman digu; nahi gabe, jakina!