30 ENE. 2018 sokatira Badaiotzek lortu du emakumezkoen aurreneko txapela Jon LEUNDA Ez da ezusterik izan, eta Badaiotzek irabazi du emakumezkoen 540ko Goma gaineko Euskal Herriko txapela. Lehen bi jardunaldietan onena izan zen, eta azkenekoan nahikoa zuen bigarren postua eskuratzearekin, baina gasteiztarrek berriro ere irabazi egin zuten, eta txapela buruan zutela amaitu zuten jardunaldia. Azkeneko ekinaldian ere aurreko bietakoa errepikatu egin zen. Gaztedi sailkatu zen bigarren postuan, Ibarra, hirugarren, eta Beti Gazte azkena. Lau talde aritu dira, eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatu dute Gizonezkoetan bi maila ezberdinetan jokatu dira jardunaldiak asteburuan, eta batean, 640koan, erabakita geratu da finala jokatuko duten taldeen zerrenda. Gaztedi, Beti Gazte, Ñapurrak-Lagunak, Sokarri, Ibarra eta Zuraide sailkatu dira otsailaren 10ean Idiazabalen jokatuko den finalerako. Lehen fase honetan Gaztediren eta Beti Gazteren artean egon da borrokarik handiena, baina gero finalean gauzak aldatu daitezke. Gabadi-Jutsi eta Abadiño izan dira parte hartu duten taldeen artean finaletik kanpo geratu direnak. Gizonezkoetan, 600eko maila ere abian jarri da, eta hemen ere bi jardunaldi jokatu beharko dituzte, eta gero sei onenek jokatu beharko dute finala. Ibarra izan zen lehen jardunaldiko talderik onena. Bi multzo ezberdinetan banatuta aritu ziren, eta gero bakoitzeko sailkapenaren arabera amaierako postuak erabaki zituzten. Ibarra eta Beti Gazte izan ziren multzo bakoitzeko onenak, eta bi irabazleek elkarren aurka jokatu behar izan zuten finala. Gipuzkoarrak gailendu ziren, eta eurentzat izan zen lehen postua. Nafarrek lortu zuten bigarrena. Aipaturikoen atzetik, Gaztedi, Murueta, Sokarri, Txantrea, Berriozar, Ñapurrak-Lagunak, Gabadi-Jutsi, Antsoain eta Abadiño sailkatu ziren.