GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Arazoa eta inguruabarra


Ematen du arazoa bera baino askoz garrantzitsuagoa dela haren inguruabarrengatik hemen darabilgun desengainua. Nola egin diezaguke hori! Arazo larria baina ez berria da Myanmarreko Armada Rakhine estatutik rohingyak botatzen ari dela. Hilketa, bortxaketa, etxe-erreketa eta antzeko «gonbitak» eginez. Ehunka mila. Garbiketa etnikoa, genozidioa... hitz potoloak entzuten dira, agian ez dira gehiegizkoak.

Inguruabarra da Aung San Suu Kyi, 1990eko Bakearen Nobel sariduna, agintean dagoela. Eta batzuek uste zutela hark horrelakorik egiteko barrenik ez edukitzeaz gain, bazuela indar politiko nahikoa hori ekiditeko. Gero eta zalantzagarriagoa da suposizio bat zein bestea. Hortik askoren desengainua. Nobel sariak bizitan santutze zibikotzat hartzeak dituen arriskuen (hamaikagarren) frogantza da.

Baina esan behar da arazoa ez dela funtsean batere berria, ez bereziki ezustekoa. Myanmarreko Armada ez da egiten ari orain rohingyekin lehen karen, shan edo kachinekin egin ez duenik. Gehienera, eskala areagotu du. Eta rohingyak musulmanak eta munduan diaspora aipagarria dutenak izanik (aurrekoek ez bezala), mundu mailako ospea lortzen ari da haien aurkako desmasia. Behingoz, nozitzaileen txirotasuna gaindituz.

Deigarriagoa da, hala ere, lantua jo eta jo ari diren horiek, dirudienez, beste ezer egiteko gai ez direla. Azaroan hara joan zen Aita Santuaren kasua aipa genezake, baina beste asko, eta askoz ahaltsuagoak mundu-parte hartako nazioarteko harremanetan, zerrendatu beharko lirateke aurretik. Eta deigarriena: (jendaurrean) zaunkarik egin ez duen ia bakarra, Txina, dela, itxura guztien arabera, Naypyidaw-ra gaztigu ulergarriak helarazten ari dena. Ez deskuidatu: arrazoi nagusia ez da bihozberatasuna, geopolitika baizik. Txinarentzat oso albiste txarra litzateke rohingyen auziagatik Myanmar eta Bangladesh gatazka armatuan hasiko balira.

Milaka milioi asko gastatu ditu Txinak HangRui autobide erraldoia egiten, Bengalako golkoan ezegonkortasunarekin jolasten ibiltzeko...