J.L.
sokatira

Gaztedi eta Beti Gazte faborito 600 kiloko kategorian

Beti Gazte, Ibarra, Gaztedi, Sokarri, Ñapurrak-Lagunak eta Txantrea izan dira Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako finalerako sailkatu diren sei taldeak, 600 kiloko kategorian. Maila horretako ligaxkako azkeneko jardunaldian, berriro ere Beti Gazte eta Gaztedi izan ziren bi talderik onenak, eta badirudi bi horiek izango direla final nagusia irabazteko faboritoak, nahiz eta finala erabat ezberdina izango den.

Atzetik, Sokarri, Ibarra, Ñapurrak-Lagunak eta Txantrea izan ziren sailkatu zirenak, finalerako txartela lortuz. Euren ostean, berriz, Gabadi-Jutsi, Murueta, Abadiño eta Berriozar geratu ziren, eta aipaturiko talde horiek finalera sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira, lehiaketatik kanpo.

Nesketan, 500 kiloko kategorian Badaiotz izan da onena, maila horretako txapela lortzeko ere prest dagoela argi eta garbi utziz. Jardunaldiko tiraldi guztiak irabazi zituen, eta denei pasa die oharra talde gasteiztarrak, faborito zein den argi eta garbi utziz. Atzetik, Ibarra, Gaztedi, Txantrea, Beti Gazte eta Berriozar sailkatu ziren. Azken biek puntuetan berdinduta amaitu zuten jardunaldia.

Harri-jasotzea

Harri-jasotzen, Urrezko Lehiaketa jokatu da, eta bi harri-jasotzaile izan dira lanean aritu direnak. Abadiñon, Goenatxo III.aren txanda izan zen, eta azkoitiarrak guztira hamabi jasoaldi lortu zituen. Sei eman zizkion 175 kiloko harri errektangularrari bi minutuan, eta beste horrenbeste 150 kiloko kubikoari beste bi minutuko txanda bakarrean. Denera, 1.950 kilo bizkarreratu zituen gipuzkoarrak.

Aimar Galarragak, berriz, hamahiru jasoaldi lortu zituen. Zazpi jasoaldi eman zizkion errektangularrari, eta sei kubikoari. Denera hamahiru jasoaldi lortu eta 2.125 kilo bizkarreratu zituen. Galarragak ere, Goenatxok bezalaxe, bina minutuko txandak izan zituen harri bakoitzarekin lanean jarduteko.