Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Oriane Bertonek, 12 urterekin, 8b+ graduko bloke bat egin du

Reunion uharteko neskatoak «Golden shadow» ezaguna eskalatu berri du Rocklandsen; gradu hori egiten eskalatzaile gazteena da.

Dagoeneko, ohituta gaude. Bai, gero eta gehiago dira blokean zein kirol eskaladan goi mailako jardunak egiten dituzten neska-mutiko mutanteak. Gogoan al dituzue garai bateko Adam Ondra edo Ashima Shiraishi? Beno, garai batekoak aipatzen ditugu, baina egun ere estralurtarrak izaten jarraitzen dute. Bada, badirudi, aurrerantzean etorkizuneko zein orainaldiko beste izar baten berri izatearekin ohitu beharko dugula: Oriane Bertone da, Frantziaren administraziopean dagoen Reunion uharteko 12 urteko neskatoa.

Ez da lehen aldia (eta azkena ere ez da izango) orriotatik igarotzen dela. Iaz, adibidez, aipatu genizuen Bertonek, 11 urterekin, “Psychopad” izeneko blokea patrikan sartu zuela; 8b graduko bigarren blokea zuen. Orain dela pare bat aste, berriz, Hegoafrikako Errepublikan dagoen Rocklands eremu entzutetsuan Fred Nicoleren “Golden shadow” egin du.

Reuniondarraren lehen 8b+ blokea izan da. Eta jardun horrekin marka bat ezarri du: 8b+ egiten eskalatzaile gazteena izan da. Shiraishik 13 urte zituen zailtasun hori egin zuenean, eta, Ondrak, 15 urte.

“Golden shadow”-i buruz aurreratu behar dugu Rocklands-eko blokeen artean izen handia duela. Gogorra da oso, erori handia du, hamabi mugimendutik ez da pasatzen eta pausu oso fisikoak dituen korapilo hori nazioarteko espezialista sasoikoenetariko batzuek eskalatu dute. Tartean dira, besteak beste, Daniel Woods, Dave Graham, Fabian Buhl, Nacho Sanchez...

Lerrootako protagonista Reunionen bizi denez, esan dezakegu Rocklands “gertu” duela. Hori horrela izanik, 2015ean lehen bisita egin zuen bertara. Ordutik, urteko hitzordu horri ez dio hutsik egin. Aipatu dugun urte horretan “The hatchling”-ekin (8a) zortzigarren esferan sartu zen. Eta bi urte geroago, bere lehen 8b sinatu zuen: “Fragile steps”.

Joan den urtarrilean, berriro Rocklandsera joan zen, eta, aipatzen ari garen jarduna egin badu ere, 7c flashean, “Nutsa” (8a+ da, baina Bertonentzat 8a) eta “Dirty epic” (8a bigarren saioan) eskalatu ditu.

“Golden shadow”-en eginiko lanari buruz, 12 urteko protagonista honek adierazi du xede bezala zuela: «Inolako zalantzarik gabe, aurtengo bidaiaren helburua zen. Iazko bisitan bloke hori ikusi eta pentsatu nuen gai izango nintzela hura egiteko. Asko gustatzen zait, besteak beste, erori handia duelako eta dituen heldulekuek erakartzen nautelako. Aitortu behar dut izaera horretako heldulekuekin ez nagoela ohituta; nire jaioterriko blokeetan daudenak ezberdinak dira oso. Reunionen erregeletak nagusi dira, eta ‘Golden shadow’ blokeak dituenak handiagoak dira. Horrek egoera erabat aldatu zuen, eta behartu ninduen nire teknika eta gaitasuna hobetzera. Teknikoki, beraz, hobetu behar nuen».

Bestalde, Bertonek aurreratu du bere morfologiarengatik sekuentzia berriak asmatu behar izan dituela: «Onartu behar dut ‘Golden shadow’ blokean jardun duten hainbat eskalatzaileren bideoak ikusi ditudala. Horiek guztiak ni baino askoz ere garaiagoak dira. Haien mugimendu zein sekuentzia batzuk ezin izan ditut egin, eta, horregatik, blokearen giltzan sekuentzia ezberdin bat egin behar izan dut. Alabaina, giltza horrekin gogor borrokatu behar izan dut; gutxienez bospasei aldiz aldatu behar izan dut sekuentzia hori».

Oso azkar

Bide batez, reuniondarrak onartu du “Golden shadow” hain azkar egiteak asko harritu duela: «Mugimendu gogorrenak askatzeko nire burua asko motibatu dut. Ozen hitz egiten nuen, batez ere motibazioa indartu ahal izateko. Horrek lan zehatz horretan erabat zentratuta egoten lagundu dit, inguruan nuenarekin ahazten. Azkenean, bloke hori oso azkar gainditu nuen; hasieran uste nuen hurrengo bidaiarako utzi beharko nuela. Behin aipaturiko giltza hori askatu nuenean, aitortu behar dut egindakoarekin ez nintzela jabetu. Ezin nuen sinetsi: ‘Golden shadow’ patrikan nuen! Nahastuta nengoen, ez nekien zer egin; izan ere, 8b+ zailtasuneko bloke bat egin berri nuen”».

Era horretara, Bertonek historia egin du. Bitxia bada ere, Shiraishik bloke bera aukeratu zuen 8b+ graduan sartzeko; lehen neska izan zen bloke hori egiten. Hori 2014an izan zen, estatubatuarrak 13 urte zituenean. Bertonek, berriz, 12 urterekin lortu du.

8b+ gradura iritsi diren emakumezkoak soilik hamar dira; tartean, jakina, Bertone bera. Besteak honako dira: Tomoko Ogawa (lehena gradu horretan sartzen), Shiraishi (8c lortu duen bakarra), Shauna Coxsey, Alex Puccio, Isabelle Faus, Melissa Le Neve, Mile Heyden eta Anna Sthor.

Reuniondarrak “Golden shadow” blokean eginiko jarduna alde batera utziko dugu, hura pixka bat gehiago ezagutzeko. Lehenik eta behin, aipatu beharra dago orain arte egin dituen xede gogor guztietan aita ondoan izan duela: «Beti ondoan dut. Ez da eskalatzailea, eta ez dut ulertzen zergatik pasatzen duen hainbeste denbora ni eskalatzen ikusten. Maite nauelako izango da! Bloke eta kirol eskalada egitean, rokodromoan... beti izaten dut ondoan. Eta ez balego, ziur naiz dena ezberdina izango zela. Niretzako motibazio gehigarri bat da; nirekin harro egotea nahi dut. Era guztietako aholkuak eta laguntzak ematen dizkit. Eta, jakina, jaramon egiten diot. Nahiz eta batzuetan gai batzuen inguruan ez gauden ados, oso ondo ulertzen dugu elkar».

Bertonek aipatu du ere eskaladarekin erabat harrapatuta dagoela uneotan: «Astean bost egun entrenatzen dut; bizpahiru ordu eguneko. Bi entrenatzaile ditut, baina, aitak aholkatu bezala, ez dut muskulazioa lantzen. Nahiz eta blokean asko eskalatzen dudan, kirol eskalada ez dut baztertzen. Gertatzen dena da beldurtia naizela; balizko erorikoek mugatzen naute. Hori dela eta, rokodromoetan askoz erosoago jarduten dut. Lehiaketa batzuetan parte hartu dut, eta batzuk-batzuk irabazi ditut. Niretzat garrantzitsuena eskalatzea da».