07 FEB. 2018 GUTUNAK La Arenako hondartzan ingurugiroaren alde egindako aldaketak MARIA AMEZAGA MASSALLERAS La Arenako (Muskiz) hondartzan egon nintzen orain dela egun gutxi. Pobeñatik hasi nuen nire txangoa eta handik Areatzarantz jo nuen. Hondartzarako bidean argibide-taulak ikusi nituen. Horiek Enkarterriko meatze iraganari buruz hitz egiten dute, (literalki) «La Arenako hondartzak eta inguruak balio botaniko handiko ingurugiro gunea osatzen dute eta oso ekosistema hauskorrak ditu; beraz, guztiok errespetatu eta zaindu behar ditugu»… Azpimarratu nahi dut ere La Arenako hondartza Hondartza Denontzat proiektuko partaidea dela. Programa honen helburua da mugikortasun desgaitasunak dituzten pertsonak Bizkaiko hondartzez gozatzea, Bizkaiko hondartzak denontzako aisialdi-baliabidea izan daitezen biztanleria osoari zabaltzeko. Egun eguzkitsua eta distiratsua zen. Nire ibilbidearen une batean apropos geratu nintzen paisaiaz disfrutatzeko, nire atzealdean Barbadun ibaiaren bokalea neukan (ur gardenekin), gertu Sokorro Birjinaren baseliza, irlatxoaren gainean. Itsasbehera zegoen eta hondartzaren berezko edertasuna ikusgai bete-betean, itsas brisa, kresalaren usaina eta jendea ongi pasatzen. Dunetara norabidetu nintzen, benetan sorpresa atsegina jaso nuen, harrituta nengoen. Hara, zelako aldaketa inguru horretan! Duela urte gutxi hango parajean hondakindegi, zabortegi, dena hankaz gora egotearen sentsazioa zen nabarmen… gaur egun berdea ikusten da bakarrik, zero zabor, eremu babestuak mehatxatutako espezieen habitatak bermatzeko, dunen artean pasabideak jarri dira, eta paduretatik paseatzeko aukera ere badago. Beraz, naturaz gozatzeko aukera ezin hobea daukagu agertoki horretan! Zorionak dagokionari, La Arenako hondartzan, bere paduretan eta bere dunetan natura eta ingurugiroaren alde egindako aldaketengatik!