Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Hezkuntza ereduen sistema aztertzea proposatu du EHEk

Euskal Herrian Euskaraz-ek ikerketa eskatu zion Aztikerri azken 35 urteetako euskararen bilakaeraren gainean. Helburua Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea martxan jarri zenetik orain arte izan diren aldaketen berri izatea zen. Euskararen ezagutza handitu dela ondorioztatu dute, baina gizartearen ekimenari esker.

Aztikerreko ikertzaile Asier Etxenikek eta Euskal Herrian Euskaraz-eko kide Urko Aierbek aurkeztu zituzten atzo goizean ikerketaren emaitzak. “Hezkuntza esparrua eta euskalduntzea EAEn 1983-2016” txostenak duela 35 urte Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea martxan jarri zenetik orain arterako datuak biltzen ditu. EHEren ustez, irakastereduek ez dute lortu ikasleak euskaldun bilakatzea bermatzea, batzuek ez dutelako euskara sekula ikasten eta beste batzuek ikasi bai baina beharrezko mailarik gabe. Hori dela eta, horiek berraztertzea proposatzen du.

Lege hura frankismotik zetorren gizarte baten ekimenez sortu zen euskara berpizteko asmoz, eta fruituak eman zituen. Izan ere, 1975ean EAEko biztanleen %24 besterik ez ziren elebidunak, gehienak helduak. Euskalduntzearen aldeko «apustu indartsu» horren ostean, hezkuntzako D ereduak gora egin zuen eta A ereduak gainbehera nabarmena izan zuen, batez ere Haur Hezkuntzan. Aldiz, adinean gora egin heinean, bien arteko aldea xumeagoa zen; Batxilergoan B eredua desagertzen denez, B eredukoek A eredura jotzen dute.

Hezkuntza eredu horiek direla eta, segregazioa ageri da ikerketan, etorkinen haurrak A edo B ereduan hezten direlako gehienbat. Segregazio horregatik edota hasierako mailetan ikasten den euskara nahikoa ez delako, 2011n 20-24 urte zituzten gazteen artean beherakada ikusi dute euskararen ezagutzari dagokionez, nahiz eta joera orokorra goranzkoa izan.

Legea ondo bete izan balitz...

Bestalde, 35 urteotako hiztun kopuruari dagokionez, 82.000 pertsonak euskara dute ama-hizkuntza, 45.000 pertsonak euskara eta gaztelera dituzte etxean, 157.000 eskolan euskaldundu dira eta 206.263k ez dute euskara sekula ikasi. Datu honi erreparatuz gogoeta egin zuen Aierbek: «Zer gertatuko litzateke 206.000 ikasle horiek euskara ikasi izan balute? 2011n 749.182 euskaldun elebidun zeuden EAEn (biztanleen %36,4) eta 206.263 horiek gehituz gero, 955.445 izango ginateke. Orain, zazpi urte geroago, milioi bat euskaldun izango ginateke, populazioaren erdia baino gehiago. Kualitatiboki jauzi garrantzitsu bat izango zen Legea bete izan balitz», aipatu zuen.

Egun, Lakuak duen helburuetako bat da 2020rako 25 urtetik beherakoen %75 euskaldun izatea, hau da, «planteatzen ari dira %25 euskaldunak ez izatea eta gainera harrotzeko helburu bezala hartzen dute, egoera desiragarri bezala», salatu zuen EHEko bozeramaileak, helburua ikasle guztiak euskaldun izatea izan beharko litzatekeela azpimarratuz.

Euskara ikasteko eskubidea urratu egin dela uste dute

Aierbek Blas de Oteroren hitzak ekarri zituen prentsaurrekora; izan ere, hark bere garaian arbasoen hizkuntza ikasteko eskubidea ukatua izan zitzaiola salatu zuen. Egun EHE da eskubide horren defentsa egiten duena.

Hain zuzen, ikerketak dio 409.031 ikaslek ez dutela euskara ama- hizkuntza; hau da, etxean gaztelera ikasi dutela eta hezkuntzaren esku gelditu dela horien euskalduntzea. Baina horietatik 206.000k baino gehiagok ez dute lortu. «Oso datu kezkagarria da. Euskara ezagutzeko eskubidea ukatu zaie, eta ondoren euskara ikasi nahi badute esfortzu bat egin behar dute», azpimarratu zuen EHEko bozeramaileak. Era berean, gizartearentzat ere kaltea dela esan zuen, erdaldun elebakar horiek lan mundura sartuko direlako eta euskaldun elebidunei euskaraz bizitzea zailduko dietelako. «Arazo bat konpontzeko aukera egon denean ez da lortu. Hezkuntzak ez du bere helburua lortu. Herritarrei iruzur egin diete», azpimarratu zuen 1982ko legearen 17. artikuluan jartzen duena gogoraraziz: «Ikasle guztiak derrigorrezko hezkuntza amaitzean bi hizkuntza menperatzeko gai izango direla dio. Eusko Jaurlaritza kontziente izan da eta, hala ere, sistema hau mantendu du». Aierberen ustez, «borondate politiko zintzoa» falta izan da, eta horregatik euskarazko irakaskuntzak aurrera egitea lortu badu, herri ekimen eta familiei esker izan da. N.B.