10 FEB. 2018 HELDUEN LITERATURA Ahotsen arteko elkartasuna Iratxe ESPARZA Eskerrak eman nahi dizkiot Xabier Montoiari “Hitzontziak” bezalako eleberri bat sortzeagatik. Testua mamitsua da, eta hortik murgilduta gozatu dut hitz bakoitza dastatuz eta pertsonaien pentsamenduetan aske sentituz. Ziur aski, Montoia hustu egin da, eleberriko protagonistak bezala, horiek hitzez betetako ontziak baitira etengabeko jarioan. Oihane, Biteri, Jose eta Gloria dira pertsonaia nagusiak, eta haien bakarrizketa tartekatuak memoriaren zuloetatik barneratzen dira, batzuetan hildakoen eskutik eta besteetan oroitzapen mingarrien konpainian. Edozelan ere, itzela da atzera begirako bakarrizketetan mantentzen den tentsioa, jakin-mina gradualki piztu eta lehenengo orrialdetik irakurlea harrapatzen duelako. Horren harira, Xabier Montoiak aukeratu duen baliabide literarioa ezin hobea da pertsonaiak eta irakurleak aurrez aurre jartzeko, bakarrizketari esker, kontzientzia eta gogoeta sakonenak babeslekurik gabe baitaude eta, ondorioz, guk, hartzaile zuzen izanik, lau pertsonaiekin lotura berezia sortzen dugu eta eleberriak aurrera egin ahala, gainera, gure arteko harremana estutzen goaz. Horretaz gain, Gloria, Biteri, Jose eta Oihaneren barneko kezkek, bizipenek eta hausnarketek erabateko balioa daukate kanpoko eginkizunak narratzeko. Izan ere, hori gertatzen denean memoria kolektiboak ere izugarrizko protagonismoa hartzen du, ziur aski, kontatzen diren gertaerak guztion imajinarioan daudelako. Horietako hiru azpimarratuko nituzke: Gasteizko Martxoaren 3ko gertakizunak, 80ko hamarkadako drogaren munduko azpi-jokoak eta klase-borrokaren bilakaera. Ez da lan makala horien inguruan lau istorio sendo eta erakargarri sortzea; alabaina, soberan lortzeaz gain, Montoiak gogorarazten digu literatura adierazpen estetikoa izatetik harago doala, diskurtso sozio-kultural-politiko mugatuak ere besarkatzen dituelako; ez ahaztu, pertsonaiak hitzontziak direla, hau da, esanahiz betetako zeinuak. Hori guztia gutxi balitz, idazleak denborak eta istorioak ederki lotzen ditu, nahiz eta memoriatik egindako joan-etorriek denbora kronologikoa −denboraren linealtasuna− hautsi pertsonaien denbora psikologikoaren mesederako. Bestalde, gaien ugaritasunak ez dakar inolako eragozpenik tramaren eraikuntzan edota ulermenean; badaude bi hari, ordea, eleberria zeharkatzen dutenak: klase-borroka eta klase-desberdintasuna. Hori dela eta, pertsonaien artean bigarren mailakoa bada ere, Pui emakume sindikalista, iraultzaile eta langileak aipamen berezia merezi duelakoan nago, nire irakurketan Flora Tristanekin, feminista, idazlea eta XIX. mendean sozialismoaren eta proletarioen borrokaz hitz egin zuen lehenengo emakumea, era inkontzientean alderatu dudalako etengabe. Ukitzekoak ere badira testuko ahotsen perspektiba ezberdinak, eleberriaren alderdi polifonikoa aberasten dutenak eta pertsonaien diskurtsoei lehentasuna ematen dietenak; beraz, irakurlearen lana informazioa biltzea eta sailkatzea da diskurtso bakarraren ereduarekin apurtuz. Oihane, Biteri, Jose eta Gloria ameslari suharrak dira; laurak beren bizimodura moldatutako utopian sinestunak eta, bizitzaren eskarmentuek bultzatuta, praktikotasunean, erosotasunean edo etsipenean eroriak. Ia laurehun orrialdetako bidaia-lagunek gutaz besteek ikusten dutenaz edo bihurtu garenaz pentsarazten digute, baita zuzengabekeriei eman beharko geniekeen konponbide kolektiboaz edo bakarkakoaz, ezintasunak erronka bihurtzearen trebetasunaz edo kanpoko eta barneko munstroei aurre egiteko zailtasunaz ere. Egia esan, sentitzeko eta barneratzeko asko dago eleberrian. Horregatik, Xabier Montoiak eskaintzen digun bidaia bikainaz eta literatura onaz gozatzeko zalantzarik ez izan.