12 FEB. 2018 MENDIKO ESKIA Ezustekorik ez Euskal Herriko hitzordu nagusian Iragan 3an, Candanchun jokatutako Causiat Extreme lasterketan, Nahia Quincoces eta Iñigo Martinez de Albornoz aise gailendu ziren. Espainiako Txapelketa ere jokatu zen, eta EMF-ren taldea bigarrena izan zen. Andoni ARABAOLAZA Mendiko eskiko lehiaketei dagokienez, Euskal Herriko hitzordu nagusia jokatu zen joan den otsailaren 3an. Candanchuko eski estazioan izan zen, eta Causiat Extreme lasterketak, Euskal Herriko Txapelketaz gain, Espainiakoa ere jaso zuen. Hasteko eta behin, aipatu behar dugu Candanchuko lasterketak ez zuela eguraldiarekin zorterik izan. 300 eskiatzaileek (ehundik gora euskal ordezkariak) baldintza gogorrei egin behar izan zieten aurre. Elurra egiteaz gain, apenas ikusten zen ezer. Lehiakideen segurtasuna bermatu ahal izateko, antolatzaileek emergentziazko ibilbidea prestatu zuten; betiere, eski estazioaren ingurumarian. Alabaina, eskiatzaileek aitortu dutenez, ibilbide tekniko zein alpino batekin gozatu zuten. Banakako euskal txapelketan ez zen ezustekorik izan; batez ere, maila nagusian. Nahia Quincocesek aise irabazi zuen; bigarren sailkatuari, Maite Maiorari, 25 minutuko aldea atera zion. Hirugarrena Igone Campos izan zen. Mutiletan ere Iñigo Martinez de Albornoz nagusitasun osoz gailendu zen; bigarrena Pablo Oderiz izan zen eta hirugarrena Igor Alzelai. Honako beste eskiatzaileok ere txapela jantzi zuten: Rita Jimene z eta Lucas Olivar kadeteetan, Martinez de Albornoz promesetan, Aitor Ajuria juniorretan, Izaskun Zubizarreta eta Alzelai beteranoen A mailan eta Angel Olaso beteranoen B mailan. Bigarrenak Aurreratu dugun bezala, Causiat Extreme proba Espainiako Txapelketarako ere baliagarria izan zen. Fedme-ren hitzordu horretan euskal ordezkariek ondo jardun zuten, eta hala, etxera hainbat zilar eta brontze ekarri zituzten. Maila garrantzitsuenean, seniorretan, Quincocesek erakutsi zuen sasoiko dagoela. Ez zuen aukerarik izan garaipena lortzeko, irabazleak, Mireia Mirok, helmugan 3 minutuko aldea atera baitzion. Martinez de Albornoz, berriz, zortzigarrena izan zen, baina promesetan brontzea sinatu zuen. Aipatzekoak diren beste sailkatu batzuk: Jimenez seigarren kadeteetan, Ajuria laugarren juniorr etan, Zubizarreta hirugarren eta Alzelai bosgarren beteranoen A mailan eta Olaso bigarren beteranoen B mailan. Azkenik, erkidegoko sailkapenean EMF-ren taldea bigarrena izan zen. Berez, katalanek irabazi zuten, baina Espainiako lehietan, talde bezala, parte hartzeari uko egin diote. EUSKAL HITZORDUA Hilaren 3an, Candanchun, Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen. Seniorretan, Nahia Quincoces eta Iñigo Martinez de Albornoz aise gailendu ziren.