Finalerako azken txartela jokoan
Ugaitz Mugertza eta Joseba Otaegi neurtuko dira Jon Rekondoren eta Iñaki Azurmendiren aurka bihar, eguerdiko 12.00etan, Oñatiko Foruen plazan.
Oñatiko Foruen plazan jokatuko da mutilen Urrezko Aizkorako Binakako finalerdia bihar, 12.00etan hasita. Lehen faseko multzo bakoitzeko bigarren sailkatuak izango dira elkarren aurka arituko direnak, eta irabazten duenak jokatuko du finala. Final horretarako jadanik sailkatuta daude Atutxa-Alberdi eta Vicente II.a-Saralegi bikoak.
Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo izango dira alde batetik, eta bestetik, berriz, Ugaitz Mugertza eta Joseba Otaegi. Bi bikoteak pare samarrekoak izango dira. Neurketa estua iragartzen da, eta seguru asko ere iraupen proba izango da auzia argituko duena.
Hala ere, orain arteko neurketarik gehienetan, zutik jarritako enborrak izan dira erabakigarriak, eta ikusiko da oraingo honetan ere horrela izango den edo, denek espero duten bezala, iraupen proba izango den dena erabakiko duena. Neurketa honetarako ez dago faborito garbirik.
Emakumezkoen Buruz Burukoan, berriz, oraingoan hiru izango dira lanean arituko direnak, aurtengoan lehen aldiz. Joan den igandean ere horrela ziren izatekoak, baina orduan Astoandoa ez zen aritu gaixorik zegoelako, eta Oñatin hiru izango dira. Dena dela, emakumezkoetan lau izango dira finalera sailkatuko direnak, eta bihar Oñatiko plaza nagusian izango diren aizkolariez gain, lehen fase honetan dena irabazi duen Irune Izkue ere izango da.
Irati Astondoa, Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo arituko dira biharko saioan. Bakoitzak, erlojuz kontra oinbeteko enborra moztu beharko du aurrena, eta ondoren, bakoitzak bi 45 ontzako enbor erdibitu beharko ditu. Hiru aizkolari hauek badakite aurtengoan probak irabaztea zer den, eta finala gero eta gertuago dagoen honetan, saio honek balioko du bakoitzaren unea eta sasoia nolakoa den jakiteko.
Harri-jasotzeko Urrezko lehiaketako jardunaldia ere izango da, eta Xabier Aranburu izango da lanean jardungo dena. Urrestillan bizi den idiazabaldarrak, 175 kiloko errektangularra eta 150eko kubikoa erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bi minutuko txanda bana izango du.
Aranburuk, 1.450 kilo jaso behar ditu finalera sartzeko. Hori lortzen badu, Azpeitiko final handian izango da, Aimar Galarraragarekin eta Imanol Illarramendirekin batera. Hori lortuko ez balu, Goenatxo III.a izango litzateke azkeneko egunean.
Orain arteko lan guztiak kontuan hartuta, Illarramendi dago lehen postuan, bigarren Galarraga, hirugarren Goenatxo –hiru hauek lehen fasea amaituta–, eta atzetik Aranburu, baina honi jardunaldi bat falta zaio.