GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Mugertza eta Otaegi ere finalean izango dira

Mutrikukoak eta Zizurkilgoak Jon Rekondo eta Iñaki Azurmendi mendean hartu zituzten atzo.


Ugaitz Mugertzak eta Joseba Otaegik lortu zuten atzo Binakako Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela Oñatin jokatu zen finalerdian, Jon Rekondo eta Iñaki Azurmendi mendean hartuta. Aurretik, Iker Vicente-Ruben Saralegi eta Aitzol Atutxa-Julen Alberdi bikoteak sailkatuta zeuden.

Atzokoa iraupen probak erabaki zuen, aurretik lortutako aldeak oso txikiak baitziren. 45 ontzakoarekin zeinek kolpe gutxiagoan moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana, eta hori Azurmendik eta Rekondok irabazi zuten, egurra 26 kolpean erdibituta, eta aurkariei seiko aldea ateraz.

Hurrengoan tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar zuten, eta hori Mugertzak eta Otaegik irabazi zuten, egurra 44 segundoan ebakiz, eta aurkariei segundo bakar bateko aldea ateraz.

Hirugarrengoan zutik jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zuten, eta hori Azurmendik eta Rekondok eraman zuten enborra 3 minutu eta 2 segundoan erdibituz, eta aurkariei 16 segundo ateraz. Hurrengo lanean, berriz, Mugertza II.ak eta Otaegik aurka zuten alde guztia irauli zuten 60 ontzakoa ebakitzen. Minutu eta 42 segundo behar izan zituzten, aurkariei 32 segundo ateraz.

Azken-aurreko lanean, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak, eta 15 segundoko aldea lortu zuten bi gipuzkoarrek, azkeneko lanera 18 segundo aurretik sartuz. Iraupen proban, sei 60 ontzako moztu behar izan zituzten; 12 minutu eta 29 segundoan moztu zituzten Mugertza II.ak eta Otaegik, eta 13 minutu eta segundo batean Azurmendik eta Rekondok. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 59 segundo behar izan zituzten Mugertzak eta Otaegik eta 22 minutu eta 59 segundo, Azurmendik eta Rekondok.  Mugertzak eta Otaegik finala jokatuko dute, eta Azurmendi eta Rekondo lehiaketatik kanpo geratuko dira, finala jokatzeko aukerarik gabe.