Samuel Pasandin Sanchez
Ikasle Abertzaleetako kide ohia
KOLABORAZIOA

Gora ikasle mugimendua!

Ezin dugu ukatu azkenaldian ikasle borrokan gorabeherak, karentziak eta eztabaida potoloak ikusi ditugula. Lerro hauetan, Ikasle Abertzaleak atzean utzita eta ikasle mugimenduaren parte izaki, gogoeta bat plazaratu nahi dut. Urte luzeetan militatu dut IAn, antolakundeari eta kideei zor diedan errespetuz eta miresmenez jokatu izan dut, baina atzeko atetik irtetera gonbidatu nauten honetan, ezin trapu zaharrak etxe barruan garbitu. Izan ere, etxe gabe geratu naiz eta, nire antzera, ikasle ugari dira azken lau urteetan etxerik gabe geratu direnak. Ez dira hauek nire egoera pertsonala nolakoa izan den azaltzeko lerroak, ezta egungo zuzendaritzako kide askok nirekiko izan duten jarrerak salatzekoak. Tristuran eta etsipenean harrapatzeko aukerak oso nabarmenak ziren, baina ez da hori ikasle iraultzaile baten jarrera, eta altxatu eta injustiziak salatzeko berriro ere prest agertzen naiz.

Lehenik eta behin, ikasle borrokalariok, edozein jendarte sozialista eta feministaren eraikuntzan dugun garrantzia azpimarratu beharra dago, baita Euskal Herrian ere. Gu geu baikara arbela arrotzetako edukia ezbaian jartzen dugunak, ikastetxeak borrokarako plaza bilakatzen ditugunak, hezkuntzatik ere Euskal Herria burujabea nahi dugula oihukatzen dugunak. Ikasturtez ikasturte, klaseak hustu eta kaleak beteaz idatzi dugu herri honen eguneroko historia. Baina hori guztia iraganeko memoria kolektiboan txertatutako oroitzapenak dira. Ikasleok mobilizatzen eta borrokan jarraitu dugu (egunerokoan eta txikitasunetik), baina atzean utzi ditugu garaipenak. Atzean utzi ditugu, estrategia falta nabaria dugulako, edo hobeto esanda, estrategia okerrera bultzatzen gaituztelako. Espektakuluan eta hitz potoloetan oinarritzen den estrategiara abokatu gaituzte. Ikasleon behar eta nahiak albora utziz, ustezko «iraultzailetasunaren» ikur bilakatu nahi dute ikasle antolakundea; gure baldintza materialak eraldatzeko gaitasunik gabe utziz ikasle mugimendu osoa. Urteetan zehar irabazitakoa usteltzen ari da, galtzera eramaten ari dira, eta hau ez da kasualitatea.

Ez da kasualitatea lege eta azterketa arrotzen inposizioari aurre egiteko apustuaren gainetik, beste subjektuetan eragiteko diskurtso jakin bat goratzea eta ikasleriaren beharrei entzungor egitea. Ez da kasualitatea gutxi batzuek nahi dutena betetzen ez dutenak zapaltzea, presionatzea eta alde batera uztea. Ez da kasualitatea herri hau burujabetza prozesua martxan jartzen ari den honetan beste alde batera begiratzea. Ez da kasualitatea bidea ikasle guztiekin egitea baino, gutxi batzuekin egin nahi izatea eta hori garaipen bat dela pentsatzea. Ez da kasualitatea gure hezkuntzarekin egiten ari diren delirioan hezkuntza errealitatetik oso urruti egotea.

Azken lau urteetan egoera aldatu egin dute, eta inolako eztabaida kolektiborik gabe. Uste dut ikasle antolakundea ordutik, ikasleongandik, ikasle borroketatik eta hezkuntzatik izugarri aldendu dela. Herrietako egoera ikusi besterik ez dago. Non daude Ikasle Abertzaleetako talde indartsuak? Non, egunero borrokan dauden ikastetxeak? Non daude ikastetxeetako garaipen «txikiak»? Ikastetxeetan egoteak ez duelako esan nahi hezkuntza eraldatzen denik. Ondorioz, herri hau hezkuntzatik errotik eraldatu nahi duenak ez du lekurik ikasle antolakundean; ikasleriaren indarrean sinesten dugunok ere ez, feministak garenok eta feminismoaren eta emakumeen borrokaren zentralitatea aitortzen dugunok ere ez. Finean, ikasle borrokalariok ez dugu lekurik aldatu duten IA honetan.

Azken urteetan egoera nola okertu den barrutik bizitzea tokatu zait, ahaleginak eta bi egin ditut egoerari buelta emateko baina azkenean, kanpoan utzi naute. Antza, egungo zuzendaritzan ez dituzte gustuko ikasleak aktibatuko dituzten planteamenduak, soilik gero eta zirkulu itxiagoak sortu eta termino oso konkretuetan (soilik teorikoki) eta ildo zehatz bati erantzuteko «formatzeko» balio duten planteamenduak bultzatzen dituzte, oztopo ez diren planteamenduak, hain zuzen. Ikasle mugimendua pixkanaka-pixkanaka ahultzen joan da, eta guzti honen atzean erabaki politikoak egon dira.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi, barne demokrazia eskasa eta eztabaida kolektiboen gogo falta. 2016an zegokion IAri VII. kongresua egitea; ia bi urte pasatu dira eta bitartean erabakiak hartzen jarraitu dute, bai, baina gutxi batzuen artean eta militantzia guztia albo batera utziz. Azken urteetako neurriak ikasleriarekin zein militantziarekin adostu ez diren adierazle argia da kongresu prozesua burutu ez izana; are gehiago esango nuke, oztopatu izana. Puritanismoaren izenean ulertezinak bilakatzen diren leloak, masiboak izateari utzi dioten ekimenak, emakumeen espazio berezituen beharra ez onartzea… icebergaren punta besterik ez dira. Finean, ikasleona izateari utzi dio Ikasle Abertzaleak erakundeak.

Herri honek burujabetza prozesuari ekarpena egingo dion ikasleria behar du, ikasle mugimendu indartsu eta aktibo batekin eta nora zuzendu nahi duen dakien ikasle antolakunde borrokalari batekin; Euskal Herri burujabe, sozialista, feminista eta ekologista egunez egun, ikasgelaz ikasgela eta borrokan eraikiko duena.

Gora ikasle mugimendua, gora herria!