GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Irudi poetikoak


Duela gutxi, IBBY nazioarte mailan haur literaturaren aldeko elkartearen ohorezko zerrenda argitaratu berrian, euskal bi liburu berri zeudela jakin dugu. Juan Kruz Igerabidek euskaratutako “Oz-eko aztia” (Denonartean) nobela ezaguna eta Harkaitz Canok idatzi eta Lorena Martinezek ilustratutako “Zer demontre dago aulkien azpian?” liburua (Pamiela). Azken lan honen sorreraz Harkaitz Canok zioen idazlearen eta ilustratzailearen arteko kolaborazioaren sorkuntza izan zela. Hots, ilustratzaileak ere bideratu zuela liburuaren sormen prozesua eta honen parte hartzea ez zela, hain ohikoa den, txukuntze lan hutsa izan.

Lorena Martinez euskal argitaletxe askotan aritu da ilustratzaile lanetan; oraingoan, baina, berak idatzi eta ilustratutako obra eskaintzen digu Denonartean etxearen eskutik. “Zortzi kolore” ageri zaigu azalean, eta “zortzi kolore, zortzi istorio” kontrazalean; horixe baita liburu hau, zortzi istorio laburren kontakizun berezia, guztiz poetikoa. Eta alde horretatik poztekoa da Iruñeko argitaletxe gazte honek eginiko apustua honelako liburu berezi eta ezohikoak plazaratzen (berriki atera dituzten liburuen artean aipatzekoa da baita ere Juan Kruz Igerabidek eta Elena Laurak eginiko “Abezedario tititijario, letren txotxongiloa” lana).

Gorria, urdina, morea, berdea, beltza, horia, laranja eta grisa ditugu “Zortzi kolore” liburu honetako koloreak, eta kolore horietako bakoitza erabiliz marrazturikoen bidez kontatzen zaizkigu zortzi istorio labur bezain trinkoak; poesiaren kutsua, haiku moduko poesien kutsua esango nuke, daukaten kontakizunak.

Urdin koloreari dagokionez, esaterako, honakoa da ilustrazioei laguntzen dien testua: «Tanta bat / Tanta asko / Putzua / Etxetik begira / Katiuskak». Eta hitz horien gainean testua islatzen duten irudiak dauzkagu, sinpleak, trazu edo irudi bakar batzuen bidez, haur txiki batek ere ikusi eta interpretatuko lituzkeen irudiak.

«Artilea / Orratzak / Jertsea / Zuretzat / Goxo-goxo» da laranja koloreari dagokion testua, eta liburuaren orrietan barneratutakoak irribarrea ezpaineratuko du azken irudian iradokitzen den pertsonaren aurpegi goxoa, alaia, imajinatuz.

“Zortzi kolore” ez da ohiko obra, ez da genero baten barruan koka daitekeen liburua, izan ere, poesiaren eta album baten arteko lana dugu. Irudien bidez eginiko poemak liratekeela esan genezake, hitzei baino garrantzi handiagoa ematen zaiela ilustrazioei. Liburuan ageri den lehen kontakizunean, adibidez, gorri koloreari dagokion istorioan, emakumezko baten aurpegiarekin jolasten du egileak. Begiak itxita izatetik nola pasatzen den esna egotera eta «maiteminez» hitzaren gainean aurpegi irribarretsuan, masail gorrietan, bi bihotz agertzean amaiera ematen zaion kontakizunari, eta irudikatuko neskaren irribarrea kutsatu egiten zaion liburua begiratzen, irakurtzen, ari denari.

Egileak, bere web orrian onartzen duen bezala, kolore planoak eta forma sintetikoak maite ditu («haiekin lan egitea gustatzen zait», dio Martinezek), eta halakoak dira liburuan ageri diren ilustrazioak; ez dute oinarrizko informazioa baino gehiago ematen; orratzak irudikatzeko bi orratz ageri dira, sinpleak, garbiak, bestelako laguntzarik gabe, hondo zuri baten gainean eta lauki laranjaren barnean kolore horretan margoturiko orratz parea. Eta beste hainbeste esan genezake testuari buruz; ikusi ahal izan dugu laranja edo urdin koloreetako narrazioa; halakoxea da obra guztia. Eta horixe da liburuaren ezaugarri nagusia, sinpletasuna, lauki baten barnean kokaturiko informazio xumearen bidez kontatu nahi zaigula azaltzea. Eta kontaketa horretan hitz gutxi-gutxi erabiliz (liburu osoan ez dira 60 hitz baino gehiago ageri, zortzi koloreen izenak kenduta) zortzi istorioren narrazioa. Eta horiek kontatzeko zortzi kolore.