24 FEB. 2018 IKUSMIRA Neskameak jai hartuko ote zuen gaur? Amagoia Mujika Kazetaria Beretzat martxoaren zortzia martxoaren zazpiaren ondorengo eguna da, bederatziaren bezpera asko jota. Bere esku zailduek ez dute pankartarik eutsi. Belarra jiratu, oilategia gobernatu, lapikoari eragin, dozena erdi sehaska kulunkatu, etxeko haurren ipurdiak garbitu, etxeko nagusien ipurdiak garbitu, artaburuak aletu, baratzea egin, harraskan pilatutakoak garbitu... gauza asko egin dituzte bere eskuek, baina ez dute pankartarik eutsi. Baserriaren martxa berak eraman izan du betidanik, aurretik bere amak eraman zuen bezala. Maiorazkoaren kontuak ez zitzaizkion gustatzen amari eta zuzenean pasatu zion alabari baserriaren martxa. Auzoan auzolana egiten zutenetan, bera joaten zen etxeko ordezkari. Lanera joandako denak gizonak izaten ziren eta hasieran arraro samar begiratzen zioten, lan gogorrak egiteko gai izango ote zen beldurrez bezala. «Ohitu ziren azkenerako. A zer erremedioa, ni joaten nintzen urtero eta!». Seme-alabak etxetik joan eta senarra eta biak geratu ziren baserrian. Iluntzero, senarra mahaian esertzen zen, afariaren zain. Egun batean, baina, bera ere senarraren ondoan eseri zen, afariaren zain. Biak elkarren ondoan, hutsik zegoen mahaiari begira, isil-isilik. «Neskameak jai hartuko ote zuen gaur?», egin zion galdera senarrari. «Geroztik bion artean egiten dugu afaria eta, batzuetan, berak bakarrik, ederki egiten du-eta». Beretzat martxoaren zortzia zazpiaren segidako eguna besterik ez da. Baina badaki zer den lana, zaintza eta baita planto egitea ere. Aspalditik gatoz eta urrutira joan nahi dugu.